Euskararen haziak egindako bidea, atari digitalean bilduta

Ane Olaizola 2022ko urr. 11a, 15:20
Marijose Arregi, Jose Antonio Hidalgo, Irene Elorza eta Julen Garate, gaur, aurkezpenean. (Ane Olaizola)

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak 25 urte bete zituen iaz, eta mende laurdeneko ibilbidea gogoratzeko, testuez eta ikus-entzunezkoez osatutako erreportaje digitala ondu du elkarteak: maxixatzen25urte.eus. 

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak mende laurdena bete zuen iaz, eta haren 25 urteetako ibilbidea oinarri duen erreportaje digitala aurkeztu du gaur, asteartea, elkarteak, proiektu horretan bidelagun izan dituen Azkoitiko Udaleko eta Danobat enpresako ordezkariekin batera —Sidenor enpresak ere lagundu du, baina ezin izan du agerraldira joan—. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko ordezkari Julen Garate pozik agertu da aurkeztu berri duten proiektuaren inguruan, lanak emaitza "dotorea" izan duelako.

Urtebeteko lanaren fruitua da herritarrek maxixatzen25urte.eus atarian ikus dezaketena. Irene Elorza kazetari eta elkarteko kide ohiaren ardura izan da erreportaje digitala ontzea, eta hark azaldu duenez, "pribilegioa" izan da lan hori egitea; kazetari bezala, berriz, "gozamena": "Gutxitan gertatzen da lan bat egiteko orduan denbora, askatasuna eta konfiantza osoa jasotzea, eta hemen, hasieratik horrela sentitu naiz".

Maxixatzen elkartearen ibilbidea prozesu organikotzat hartu du Elorzak, eta horixe bera izan da kazetariak atari digitala egituratzerakoan islatu nahi izan duena. "Hazi txiki batetik hazi zen Maxixatzen, eta zuhaitz handia eta sendoa bilakatu da, sustrai sakonak dituena". Metafora horri tiraka, lau ataletan banatu du kazetariak 25 urteetako ibilbidea biltzen duen erreportajea, bakoitza Maxixatzenen garai jakin bati lotuta. Erein da aurreneko atala, kazetariaren iritziz, "zirraragarriena". Han jaso ditu Maxixatzenen hastapenak: "Izugarrizko ilusioa, zirrara, indarra... nabari daiteke atal honetan. Gazte batzuen inozentzia eta herri baten erantzuna islatzen du. Baliabideak, pixkanaka eta borrokatzen lortu zituzten; ideia bat edukitzetik lau hilabetera lortu zuten aurreneko aldizkaria kaleratzea, eta amets bat da hori. Aktibista batzuen historia jasotzen du atal honek".

Elkartearen aurreneko sei-zazpi urteak barnebiltzen ditu Erein atalak, eta segidako bost urteak [2003-2008], berriz, Hazi atalak. "Aldizkariaren 100. alea etorri zen garai hartan; sekulakoa izan zen. Astekari izatera pasatu zen gero, gure erronka baitzen herritarrengana iristea eta euskaltzaletasuna bultzatzea; hau da, euskarara gerturatzen ez zen jendea hara erakartzea, eta pixkanaka lortu genuela uste dut". Herriari lotutako bi liburu ere garai hartan kaleratu zituen euskara elkarteak: Azkoitiko gaitzizenak eta Azkoittittik begiratuta.

Elkartearen ondorengo urteak, berriz, "krisi" moduan gogoratzen ditu Elorzak, eta ordu hartako kontuak bildu ditu Garatu atalean: "Oso garai gogorrak izan ziren: krisi ekonomiko bat izan genuen, aldizkari bat ateratzea oso garestia delako; udalarekin harremana ere gaiztotu egin zen, eta transmisio falta ere bazegoen, urteak zirelako jende bera ari zela lan boluntarioa egiten eta behar zelako ordezkatzea". Proiektu komunikatiboaren etenaren ondoren, 2015ean etapa berri batean sartu zen Maxixatzen, eta ordutik 2021erako bidea jaso dute, azkenik, Heldu atalean. "Aurretik tradizio eta jakinduria metaketa handia zegoen Maxixatzenen. Aldizkaria indartsu itzuli zen, eta atari digital bat sortu zen; herriarentzat sekulakoa izan zen hori. Egun, erreferentea da Maxixatzen, eta aldizkariak, berriz, oso bilakaera polita izan du. Izurri bat ere gainditu dute, eta horrek, urrundu baino, are gehiago gerturatu ditu herritarrengana".

Euskara elkartearen izaera goraipatu du kazetariak: "Proiektu kolektiboa da Maxixatzen, eta gaur egun, kolektibo hitza ez dago oso modan; gero eta sakabanatuago gaudela esango nuke, eta halako proiektu kolektibo bat txalotzekoa da beti". Era berean, Azkoitiko herriari ere eskerrak eman dizkio Elorzak, herritarrik gabe Maxixatzen ez litzatekeelako egongo: "Merkatariek aurreneko egunetik itsu-itsuan eman zioten babesa Maxixatzeni; herri bat dago atzetik, eta hori argi utzi behar da".

Memoria, idatzita

Marijose Arregi Euskara zinegotziak ere hartu du hitza agerraldian, eta azpimarratu du memoriak eskatzen duela bizipenak zein ezagutzak nonbaiten idatzita egotea. Kasu honetan, elkartearen ibilbidea erreportaje digital batean egonik, euskarriak alderdi positiboak badituela adierazi du hark: "Erreportaje digitala eguneratzeko aukera izango da beti. Uste dut Maxixatzen euskara elkarteak oraindik ibilbide luzea duela aurretik, eta beraz, erreportajea eguneratzea egokituko zaiela. Hala izan dadila".

Udal ordezkariak elkartea zoriondu du, eta nabarmendu du elkartearen 25. urteurrenak merezi duela bidean egindako lana zabaltzea eta ikusaraztea. "Euskara elkarte baten ekarpena behar-beharrezkoa da; gure herriak arnasgune izaten jarraitu nahi badu, mantendu egin behar dugu. Herriko gaiak euskaraz jorratzen dituen komunikabide batek, gainera, eragin handia du horretan", esan du Arregik.

Danobat kooperatibako ordezkari Jose Antonio Hidalgok, bestalde, esan du "plazera" dela Maxixatzenen proiektua babestea. Hark azaldu duenez, kooperatiba horretan "urte asko" daramatzate euskararen inguruko hainbat plan gauzatzen. "Euskara lan munduan zein gizartean normalizatzea euskararekiko dugun konpromisoaren barruan kokatzen dugu. Gure nortasunaren alde egin beharreko inbertsio bat da hori". Bestalde, Danobat kooperatiba izanik, Maxixatzenen "zati bat" [Urolako Komunikazio Taldea] kooperatibara igaro izanak pozgarria izan zela gaineratu du Hidalgok. Elkarteari eskerrak eman dizkio hark, taldeak "gizartea eraldatzeko" egiten duen ahaleginarengatik.

Urola Komunikazio Taldearen zerbitzua jaso du Maxixatzenek atari digitalari forma emateko, eta testuek ez ezik, atzo eta gaurko argazkiek nahiz bideoek osatzen dute erreportaje digitala. Maxixatzenen ordezkaria gustura azaldu da emaitzarekin, eta azaldu du erreportajeak "ahaztuta" zituzten hainbat kontu gogoratzeko balio izan diela hango kideei. Atzera begiratuta, esan du elkarteak bere ibilbidean hainbat "tirabira" izan dituela udalarekin, baina azpimarratu du gaur-gaurkoz inoiz baino harreman hobea duela erakundearekin. "Eragileak eta erakundeak elkarlanean gaudenean, gauza asko egiten dira". Proiektuan lan egin eta lagundu duten guztiekiko esker oneko azaldu da Garate, eta herritar guztiak gonbidatu ditu ataria bisitatzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide