Mende laurdeneko lana euskalgintzan

Andoni Elduaien 2021ko abu. 14a, 08:45

25 urteko ibilbidea osatu du aurten Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak. Mende laurdena bete da euskaraz idatzitako lehen aldizkaria azkoitiarrek beren eskuetan jaso zutenetik. 1996. urteko abuztuan, gaurko egunez, ikusi zuen argia Maxixatzen aldizkariak, zehazki andramaixei hasiera emateko txupinazoa bota behar zuten une hartan. Elkartearen lan ildo garrantzitsuena komunikabidea izan bada ere, beste esparru batzuetan ere eragin nahi izan du Maxixatzenek azken urte hauetan guztietan.

Buruan antzeko ideiak zituen unibertsitate ikasle talde bat Azkoitiko Etxe-Aitz tabernan hasi zen biltzen, euskararen inguruan zituzten ideiak plazaratzeko eta zer egin zezaketen pentsatzeko. 19-26 urte bitarteko gazteak ziren, eta bakoitzaren ideiak osagaitzat hartuta, taberna hartan egosi zen guztia; han jarri zuten elkartea sortzeko zutarria. Herri aldizkaria sortu behar zutela erabaki zuten, eta beste herrietan jada martxan zeuden aldizkariak oinarri hartuta, proiektua garatzeari ekin zioten. Herriko albisteak euskaraz ematea zen gazte talde hark zuen helburua, eta horri eutsita hasi ziren lanean. Artean aldizkaria egin gabe zegoenez, egin nahi zuten hura erakusteko beste herrietako euskarazko argitalpenak hartu zituzten eskuetan. Horrela, dendaz denda eta tabernarik taberna hasi ziren publizitatea saltzen. Kideek beti aitortu izan dute jaso zuten erantzuna "sekulakoa" izan zela.

Gazte haientzat "beharrezko erreminta" zen Maxixatzen sortzea, baldin eta herrian informazioa euskararen bidetik normalizatu eta sustraitu nahi bazen. Taldekideentzat "lorpen handia" izan zen euskaraz irakurtzen ez zuten euskaldunak euskaraz irakurtzen hastea Maxixatzeni esker. Proiektuak aurrera egingo zuen itxura osoa zuen. Taldean "giro ona" eta "sekulako ilusioa" zituzten ideiak gauzatzeko. Ordura arte guztientzat 'aldizkaria' zen proiektuari izena ematea izan zen taldearen beste zereginetako bat. Kide bat ohartu zen haren amak esaldi batean maxixatzen hitza erabili ohi zuela. Antxintxike hitza ere bururatu zitzaien, baina hitzak aldizkari batekin "loturarik ez" zuela eta, aldizkariari Maxixatzen izena ematea erabaki zuten, herriko kontuak edo jardunak biltzen dituelako hitzak bere baitan. Hala eta guztiz ere, zalantzak izan zituzten, "trabatzeko erraza" zelako, "ixa gehiegi" zituelako edota "esateko nahikoa zaila" zelako.

Taldekideek orduan denetik egin behar izaten zuten aldizkarirako: argazkiak atera, elkarrizketak egin, publizitatea saldu, kolaboratzaileak aurkitu... Dena zen berria Maxixatzen izena hartu zuen taldearentzat, baina 0 zenbakia kaleratzeko gogoak bultzatuta, aurrera atera zuten. Jendeak "ondo" erantzun zuela aitortu izan dute Maxixatzeneko lagunek, eta herritarrak bazkide egiten hasi ziren. Esaterako, Miguel Mari Azpiazu musikaria egin zen Maxixatzeneko lehen bazkidea. 0 zenbaki haren ondotik iritsi ziren lehena, bigarrena eta beste zenbaki ugari.

Etenaldia eta berpiztea

Lehen zenbaki hura kaleratu zenetik, Maxixatzenek aldaketa asko jasan ditu. Aldizkaria hamabostekaria izatera pasatu zen lehenengo, eta astekaria gero, 2003ko udazkenean. 2009an, aldiz, zailtasunek eraginda, komunikabidearen aldi baterako etena iritsi zen. Nahiz eta herri proiekturik sendoenak etena izan, taldeak barne dinamikan jarri zuen indarra. "Geure burua janzteko asmoz, jende jakin bat gonbidatzen hasi ginen hilean behin. Soziolinguistikan nahiz euskara kontuetan aditua eta aritua zen pertsonaren bat ekartzen ahalegindu ginen. Taldetxo bat sortu zen, eta han jasotako informazioarekin eta herrian ikusitako hutsuneekin, kontzertu eta hitzaldiak batuko zituen Maiatzeko Lorak antolatzen hasi ginen. Halaber, Orbel Jokoak jarri genituen martxan; euskararekin jolas eginez herritarren parte hartzea sustatzea zen asmoa. Aldizkaria oso ondo dago, baina aldizkaria jaso egiten du herritarrak, nekez parte hartzen du euskararen inguruan. Oso harrera ona izan du harrezkero", azaldu dute sorreratik Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko kide diren Idoia Alberdik, Karmen Irizarrek eta Julen Garatek.

 

Maxixatzen euskara elkartea lanean hasi zenean, euskararen arloan "dena egiteko" zegoen.

 

Bestalde, Azkoitian euskarak zuen bilakaera eta egoera aintzat hartuta, ikerketa egin zuen elkarteak etenaldian. "Elkargunean antzeko belaunaldiak elkartu ginen. Mahai baten bueltan jarri ginen jatorriz euskaldunak ginenak, baita 60ko hamarkadan hona etorri eta hemen euskaldundu zirenak ere; guztien bizipenak jaso genituen. Oso interesgarria izan zen, eta liburuxka bat ere kaleratu genuen", mamitu du Irizarrek.

2015. urtean berrekin zion elkarteak komunikabideari. Berrikuntzekin kaleratu zen Maxixatzen; izan ere, aldizkariaz gain, Maxixatzen.eus atari digitalarekin nahiz sare sozialekin aurkeztu zen herrian. "Komunikabidea berriz martxan jartzea erabat positiboa izan zen. Etena izan zuen, baina uste dugu horren beharra bazegoela. Berriz hastea ez zen batere erraza izan; horretarako, talde bat eratu behar izan genuen eta bestelako dinamika bati ekin. Ordu askotako lana izan zen, asteak eta hilabeteak eman genituen lan horietan murgilduta", kontatu du Alberdik.

 

Euskaldunon Elkarteak herritarrak aktibatzea du jopuntuan.

 

Alberdik gaineratu du, "zaila" izan zela Maxixatzen berriz martxan jartzea, baina, bestalde, bazekiten ez zirela "hutsetik" abiatzen. "Euskara elkartearen sostengua zuen. Martxan jarri zenean, herriaren berehalako onespena jaso zuen. Horrek esan nahi du, Maxixatzen oso presente zegoela oraindik ere azkoitiarren artean. Maxixatzen buruan zuen jendeak, Maxixatzen bere sentitzen zuten azkoitiarrek. Webgunea bikain hasi zen martxan, eta horrela belaunaldi berriengana berehala iristea lortu genuen".

Kezkak eta helburuak

Euskara elkarte guztietan bezala, Maxixatzen elkarteak ere baditu zenbait kezka, eta horiei aurre egiteko dihardu egun lanean. Zaporea "gazi-gozoa" dela diote kideek. Honela azaldu du Irizarrek: "Jendeari galdetuz gero, guztiak kezkatuta daude euskararekin. Ez dugu garbi zerk egiten digun kalte eta zerk ez. Txepetxek zioen moduan: 'Espazioak edo guneak behar dira non euskara hegemonikoa izango den, eta beste hizkuntza batek hori zalantzan jarriko ez duen'. Ez dakit hori benetan barneratuta duen gizarteak. Hizkuntzen dinamiken inguruko jakintza falta zaigu, hala nola hizkuntzek nola funtzionatzen duten, nola eragiten dioten elkarri eta nola irabazten nahiz galtzen duten espazioa. Azkoitian bakarrik ez, Euskal Herri osoan gertatzen da hori. Ezer ez dagoen tokietan, dena dago egiteko; Azkoitian, ordea, beste fase batean gaude, non atzerapausoak sumatzea zailagoa den. Horretarako, komunitate bezala formazio handia behar da hizkuntzen arloan, eta ez daukagu. Lan hori artikulatzea falta zaigu orain arnasguneak diren leku horietan. Gainera, gure herria besteekin alderatzen hasten gara, eta hemen ondo gaudela esanda arrazoitu eta isiltzen gara askotan. Hemen ere maldan behera erraz egiten da, eta gero kostatu egiten da gora egitea".

Kontzientzia mailaren gaia ere hizpide izan dute elkartekoek. "Herrian ez dago kontzientzia maila bat landuta. Jendea albisteen kontsumitzaile bezala ikusten dugu, eta iruditzen zaigu ez diola euskararen gaiari garrantziarik ematen", dio Garatek. Irizarrek, bestalde, euskaraz bizitzeko hautua egiteak duen eragina azpimarratu nahi izan du. "Azken finean, hautu kontua da, baina hutsetik komunikabide bat sortzea, horrek dituen zailtasunekin, dirulaguntzarik gabe eta ezer gutxi jakinda... Sortutakoa ondo dago, baina egindako lanak eragina izan du euskal komunitate edo talde bezala. Beharbada, geuk ez dugu lortu hori jendeari transmititzen".

 

"Ezer ez dagoen tokietan, dena dago egiteko; Azkoitian, ordea, beste fase batean gaude".

 

Egungo belaunaldiei "orain artekoa eginda" iritsi zaiela dio hirukoteak, eta horrek "kezka" sortzen du euskara elkartean. "Asko eginda jaso dutelako, gai honetan zailtasunik ez dagoela pentsatu dezake hainbatek, baina guk ikusten ditugu arazoak. Duela bi urte, herrian euskararen erabileraren inguruko datuak onak zirela esan zen, baina edonor ohartu da kalean lehen baino erdara gehiago entzuten dela. Batzuk botila erdi betea ikusten dute, beste batzuk zuloekin... Nik pipiak jota ikusten dut, eta horrela egongo gara azken kolpea eman arte", azpimarratu du Garatek. Irizarretzat "ez da erraza" irtenbide bat bilatzea, are gehiago euskararen "inguruan horrenbeste hizkuntza handi" edukita.

Maxixatzenek euskara elkarte bezala lanari ekin zionean, euskararen arloan "guztia egiteko" zegoen. Ordutik hona, ordea, "asko" egin da Alberdiren iritziz. "Euskarak bide handi bat zuen aurretik, eta dena egiteko; egiten zena aurrera egiten zen. Orain, Kike Amonarrizek dioen moduan bidegurutzera iritsi gara, eta hor gaude. Asko dago egiteko oraindik, baina albotik datozen erasoak beste batzuk dira: Interneta, globalizazioa... Kasik egiteko zailago daukagu, fronte gehiago dauzkagu-eta aurrean". Horren aurrean, belaunaldi berriengana iristea du helburu egun Maxixatzenek; elkarteak mahairen gainean duen lehen galdera da. "Askotan gazteengana nola heldu behar dugun galdetzen diogu geure buruari, baina galderak beste era batekoa izan beharko lukeela uste dugu: 'Zer nahi dute gazteek?', galdetu behar diogu geure buruari, eta hortik hasi lanean". Elkartekoen hitzetan, gazteengana iristea "kostatu" egiten da, edota ez zaie "erakargarria" egiten "euskararen aldeko borroka edo lan militantzia". "Zerbaitetan huts egin da, ziurrenik beharrik ez dutelako izan. Eskola euskaraz dute, komunikabideak euskaraz dituzte, telefonoak euskaraz konfiguratu ditzakete... Orain arteko bideak badu bere lekua, hau da, kontzertuak eta hitzaldiak antolatzen jarraitu dezakegu. Halere, horietara betiko jendeak jarraitzen badu etortzen, edota taldera beste ikuspegi nahiz helburu batzuk dituen jende berria ez bada batzen, esan nahi du nonbaiten katigatuta gaudela. Ez dakigu gai izango garen, baina bide hori hartu behar du elkarteak", nabarmendu du Alberdik.

Bide horri jarraitu nahian, aktibazioa dute jopuntuan. Honakoa galdetzen dute: "Nola aktibatu herritarrak?". Irizarren aburuz, gizarte eredua aldatu den heinean, militantzia eredua ere moldatu egin da. "Denontzat egokia izan behar duen eredua aurkitu behar dugu". Alberdiren esanetan, halere, jakitun dira lo ez dauden gazteak ere badirela. "Gazte denak ez daude lo. Badago jende gazte aktiboa, baina beste esparru, modu eta antolaketa forma batzuetan. Gazte askok, gaur egun, ezer antolatzerakoan berez egiten dute euskaraz; duela 25 urte pentsaezina zen hori, probokatu egin behar zen".

Erronkak eta proiektuak

Orain arte izan den bezala, euskara elkarteak argi du zeinek izan behar duen bere etorkizunerako proiektuak. "Euskaraz bizitzeko esparruak irekitzea edota zabalik dagoenari eustea izan behar du gure helburuak, horiek ere erraz galtzen dira eta. Edozein bide hartzen dugula ere, helburua hori izango da".

Aurrera begira, pandemiak eten dituen Maiatzeko Lorak eta Orbel Jokoak antolatzen jarraitu nahi du Maxixatzenek. Aurten, udalarekin elkarlanean antolatutako liburu azoka bat ere egitekoak ziren, baina hori ere bertan behera utzi behar izan zuten osasun egoerak behartuta. "Datorren urteko apirilaren 2an eta 3an egingo dugu liburu azoka. Euskaraz idatzitako edota euskarara itzulitako emakume idazleen lanak izango dira. Mahai ingurua, liburu aurkezpenak eta irakurtaldiak egin asmo ditugu, besteak beste; 25 herritar nahi ditugu liburuetako testuak jendaurrean irakurtzeko. Bestalde, euskararekiko sentsibilizazio apur bat eduki dezaketen gazteak identifikatzeko nahia ere beti izan dugu presente, eta horiek modu batera edo bestera taldera erakarri nahi ditugu".

 

"Beste dinamika edo funtzio bat hartu beharra dauka euskara mahaiak".

 

Era berean, euskara elkartearen profesionalizazioa izan dute hizpide. "Taldekideok tarteka elkartzen gara, ahal dugunean eta ahal duguna egiteko, baina gaur egunean nekez egiten da aurrera era honetan. Gurearen moduko taldeetan pixka bat tira egingo duten pertsona bat edo bi behar dira. Ea horra ere heltzen garen", dio Irizarrek. Alberdik, bestalde, 25 urtean horretan ere ikasi dutela adierazi du. "Borondatezko lanarekin urte batzuk irauten da, epe bat duela ikusi dugu". Profesionalen lanari borondatezko lana emanez gero, "elkarlana" handiagoa dela diote, eta lana egitea ere "errazagoa".

Herriko elkartea izanik, herrira begira dihardu lanean Maxixatzenek, eta horretarako parte hartzen du Euskara Mahaian. Taldearen iritziz, baina, "dinamika" edo "funtzio" desberdin bat hartu behar du mahaiak. "Iruditzen zaigu ez dela mahai operatiboa. Euskararen bueltan mugitzen diren herriko ia eragile guztiak gaude bertan, eta hori ikusita oso foro interesgarria izan daitekeela uste dugu zenbait ekimen aurrera ateratzeko. Halere, ez du plangintzarik, ez proiekturik eta ez aurrekontu jakinik zer egin pentsatzeko. Sinetsi behar dugu Euskara Mahaitik gauza garrantzitsuak lortu ditzakegula".

Komunikabidea, UKTren baitan

Maxixatzen herri komunikabidea dagoeneko ez dago euskara elkartearen baitan. "Komunikabidea alde batera utzi dugu, eta oraindik definitzeko dago zer izan behar duen euskara elkarteak. Gure semea edo alaba adinez nagusia egin da, eta orain beste tutoretza bat hartu du, kasu honetan Urolako Komunikazio Taldearena (UKT). Orain, bere bidea egingo du Maxixatzen herri komunikabideak".

Euskara elkartearen eskutik jarraituko balu, komunikabideak "biziraun" bakarrik egin zezakeela diote. "Bere txikitasunean eta zituen ahulezia guztiekin iraun besterik ez zuen egingo elkartearen baitan jarraituta. Orain, ostera, ez da iraun bakarrik; UKTren barruan bestelako dimentsio bat hartu du, bai maila profesionalean zein langileen garapen profesionalean ere. Eta produktua bera, zer esanik ez; sekulako aurrerapena egin du. Asmatu egin dugu. Etxera GUKA bezalako gehigarria iristea pentsaezina zen guretzat, baita telebista nahiz webguneko zenbait atal egitea ere. Honek sekulako martxa hartu du, eta ez da geldituko".

Komunikabidearen funtzioari lotuta, euskararen erabileran "eragile aktiboa" izan da Maxixatzen Azkoitian. "Hizkuntza bat bizirik mantentzea nahi bada, esan beharrik ere ez dago komunikabideen papera zein den. Azkoitiko kasuan ere, konbentzituta gaude Maxixatzen dela azkoitiar gehienek herrian euskaraz irakurtzen duten komunikabide bakarra. Lortu dugu sekula euskaraz irakurri gabe zegoen belaunaldi bat euskaraz irakurtzen jartzea. Gaur egungo gazteek ere, nahiz eta kontsumoa erdaldunduta dagoen, herriko albisteak euskaraz jasotzen dituzte. Gazteleraz bizi eta Maxixatzen irakurtzen duen jendea ere ezagutu dugu herrian, beren seme-alabek edo etxekoek jaialdiren batean parte hartu dutela ikusi dutelako; gai dira albistearen titularra eta sarrera euskaraz irakurtzeko. Eragiletza hori ere aitortu behar zaio Maxixatzeni".

Urteurreneko argitalpena

25 zenbakia borobila izanik, euskara elkarteak orain arte egindako ibilia jasota geratzeko erabakia hartu du. Hori liburu batean jasotzea pentsatu zuen taldeak hasieran, eta Irene Elorza kazetariarengana jo zuten. "Ezustean", proposamen desberdina jaso zuen bueltan elkarteak. "Elorzak bestelako ekarpen bat egin zigun, gaur egunerako egokiagoa izan daitekeena". Hain zuzen ere, Elorza euskara elkartearen orain arteko jarduna bilduko duen argitalpen digitala ari da sortzen. "Maxixatzen euskara elkartearen ibilbidea jasoko duen kazetaritza pieza bat izango da. Liburu batean jaso beharrean, zerbait dinamikoagoa eta taldearen historia mardula modu egokian erakutsiko duen euskarria erabili nahi dugu", azaldu du Elorzak. Testuez gain, argazkiak, bideoak, audio laburrak, infografiak eta bestalakoak bilduko ditu argitalpenak.

Elorzak jakinarazi duenez, "hasiberria" da lanarekin, eta ez daki zehazki dokumentazio fasean zer aurkituko duen. Halere, "hiru ardatz" aurreikusten dizkio gaur-gaurkoz lanari. "Elkartea osatzen duten kideei, boluntarioei, langileei zein bazkideei, euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena izango da; komunikabide gisa egindako ibilbidea ere jasoko du". Tokiko historia zatia "jaso" eta "ez galtzea" daude argitalpena egiteko arrazoien atzean. "Egitasmoaren parte izan direnei eta egun diren guztiei aitortza egin nahi zaie. Horrelako urtemuga borobiletan atzera begiratzea ondo dago egindakoaz jabetzeko eta aurrera segitzeko indarrak batzeko". Elorzak azaldu du "lanean" ari direla datorren udaberrirako argitalpena prest egon dadin.

Argitalpenaz gain, euskara elkarteak 25. urteurrena ospatzeko erabakia ere hartua du. "Proiektu edo komunitate honen parte izan direnei beren ekarpena eskertu nahi diegu, izan lanean, kolaborazioetan edo bestelako parte hartzeren batean. 25 urteren ondoren geure buruari 'bejondaigula' esan nahi diogu". Azaroaren 20an, larunbata, egingo dute egun osoko festa. Goizean, osasun egoerak uzten badu behintzat, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea herriko kaleak girotzen arituko da. Ondoren, berriz, bazkaria egingo dute guztiek elkarrekin. Elkarteak jakinarazi du kolaboratzaileekin harremanetan jarriko direla datozen asteetan eta hilabeteetan. Zorionak, Maxixatzen!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide