Sei film labur aurkeztu dituzte herritarrek andremarietako lehiaketara

Julene Frantzesena 2022ko abu. 9a, 14:12
2019ko film laburren lehiaketaren emanaldiko irudia.

Andremari egunez ikusi ahal izango dira lehiaketara aurkeztutako ikus-entzunezko guztiak, 22:00etan, plazan. Gezurra da aurtengo lehiaketarako gaia. Udalak bi sari banatuko ditu: epaimahaiarena eta ikusleena.

Andremarietako Film Laburren Lehiaketaren hamargarren ediziora sei lan aurkeztu dituzte herritarrek. Atzo bukatu zen ikus-entzunezkoak aurkezteko epea, eta udalak jaso dituen sei lanak hilaren 15ean, Andremari egunez, ikusi ahal izango dira, 22:00etan hasita, plazan.

Gezurra da aurtengo lehiaketarako gaia, eta lanek gehienez hamabi minutuko iraupena izango dute. Film labur guztiak ikustean, azken edizioetan bezala, aurten ere bi sari banatuko ditu udalak: epaimahaiaren saria eta ikusleen saria. Sari bakoitzaren irabazleak 300 euro eta oroigarria jasoko ditu.

Honako lotura honetan ikus daitezke 2019ko film laburren lehiaketara aurkeztutako ikus-entzunezko guztiak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide