Azkoitiko bandera ofizialaren igoera ekitaldia egingo dute ostiralean

Anartz Izagirre 2022ko eka. 20a, 16:12
Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotzia eta herriko kultur elkarteetako ordezkariak, udaletxean. (Anartz Izagirre)

"Jatorrizko bandera" berreskuratu du udalak, eta inaugurazio ekitaldia egingo dute ostiralean, ekainak 24, 19:00etan hasita. Ekitaldian herriko hainbat kultur taldek parte hartuko dute, eta alkateak udaletxera igoko du bandera berria. Gaur, astelehena, ekitaldiaren aurkezpena izan da udaletxean, eta bertan izan dira Juan Bautista Mendizabal udaleko Ondare zinegotzia eta ekitaldian parte hartuko duten taldeetako ordezkariak.

Azkoitiko Udalak "jatorrizko bandera" berreskuratu du. Joan den urriko ohiko udalbatzarrean onartu zuten bandera aldatzeko proposamena, eta behin izapide guztiak amaituta, banderaren inaugurazio ekitaldia egingo dute ostiral honetan, ekainak 24. Garai batean udaletxea kokatuta zegoen Altzibar Jauregira joango dira Baztarrikaldetik hasita, 19:00etan. Gaur, astelehena, Azkoitiko bandera ofizialaren gaineko xehetasunak azaldu ditu udaletxean Juan Bautista Mendizabal udaleko Ondare zinegotziak, eta bertan izan dira, ostiraleko ekitaldian parte hartuko duten herriko eragileetako ordezkariak ere. Honako kultur taldeak izango dira inaugurazio ekitaldian: Sahatsa dantza taldea, Azkoitiko Udal Musika Banda, Txalkor txistulari taldea, Bizkargi musika eta dantza eskola nahiz Iraurgi eta Parrokiako abesbatzak.

Mendizabalek adierazi duenez, "okasio honek merezi duen bezala" inauguratuko dute bandera, "duintasunarekin". Hori esanda, Azkoitiko bandera ofiziala berreskuratzearen zergatia azaldu du Ondare zinegotziak. 1519ko urriaren 20ko dokumentu bat topatu zuen hark Udal Artxibategian: Memorial e inventario de los privilegios y escrituras halladas en el concejo de la villa de Azcoitia, así como pesas, medidas y otros objetos. Juan Perez Umansorok bertan zehazten zuenez, Azkoitiko bandera "koloreduna" zen, eta "zetazko borlak" zituen, besteak beste. Udalak 1989an onartu zuen armarria, baina bandera ofizialik ez zuen onartuta, Mendizabalen arabera, jatorrizko banderaren ezaugarriak ez baitzituzten ezagutzen orduan. Artxibategian egindako aurkikuntzarekin, ordea, bandera bere osotasunean aldatu du orain udalak. Bordados Gipuzkoa arduratu da bandera egiteaz; "eskuz eta makinaz" egin dute.

Aldaketa nagusiena banderaren kolorea da; izan ere, kolore gorria bereskuratu dute, aurkitutako dokumentuak zioen deskribapenaren arabera ere halakoa baitzen bandera lehen. Kolore gorriak, besteak beste, sinbologian "esfortzua, gogortasuna, indarra eta pasioa" ordezkatzen dituela azaldu du Mendizabalek, eta XVI. mendean banderen kolorerik "normalena" zela ere aipatu du. Ildo horretatik, Anaitasuna futbol taldearen kolorea ere gorria dela azaldu du zinegotziak, eta banderaren kolorea dokumentatuta ez duten herri askok herriko futbol taldearen koloreak erabili ohi dituztela ere gaineratu du. Azkoitian, ordea, alderantziz izan dela dio: "Gure kasuan biak gorriak dira, baina bandera lehenagokoa da". Bestalde, banderak izenik ez daramala azaldu du zinegotziak: "Banderek berez ez dute izenik ematen, baina batzuetan gorbata eraman ohi dute, apaintzeko". Azkoitikoaren kasuan, gorbatan darama herriaren izena.

Juan Bautista Mendizabal, Azkoitiko bandera ofizialaren gorbatarekin.

Bandera aldatzeko prozesua "bide zabal bat" izan dela nabarmendu du Mendizabalek, eta udalak halako erabakiak ez dituela "kapritxoz" hartzen. "Zientzialari batzuk esan behar izan dute zuzen ari ginela, eta Eusko Ikaskuntzak ere baiezkoa eman behar izan zion ikerketari, baita Aldundiak ere", gehitu du. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen espedientearen onarpena joan den apirilean.

Ekitaldi "solemnea"

Behin banderaren gaineko ñabardurak aitatuta, ostiraleko ekitaldiaren nondik norakoak azaldu ditu Ondare zinegotziak. Ekitaldiari "ukitu historikoa" emateko, Baztarrikaldetik Plazaberrira joango dira, garai batean udaletxea kokatuta zegoen Altzibar Jauregi eraikinera, hain zuzen. Sahatsa dantza taldeko kideak Txalkor txistulari taldekoekin eta Bizkargi musika eta dantza eskolako kideekin batera aterako dira kalejiran Baztartxo paretik, 19:00etan hasita. Altzibar Jauregin jasoko dute bandera, eta eliz ataritik igarota plazara joango dira; plazan zain edukiko dute udal korporazioa. Javier Zubizarreta alkateak bandera jasoko du —19:30 inguruan—, eta ezpata dantzariekin batera udaletxera igoko da bandera eta guzti. Une horretan, Udal Musika Bandak nahiz Iraurgi eta Parrokiako abesbatzek San Juan martxa eta Azkoitia martxa interpretatuko dituzte, alkateak balkoian bandera igotzen duen bitartean.

Mendizabalek nabarmendu duenez, "oso eguraldi txarra" egiten badu dataz aldatuko dute Azkoitiko bandera ofizialaren inaugurazio ekitaldia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide