Azkoitiko bandera ofiziala gorria izateko lehen urratsa egin du udalak

Maialen Etxaniz 2021ko urr. 29a, 15:15

Azkoitiko bandera ofiziala aldatzea onartu zuten aho batez urriko udaleko ohiko bilkuran. Bandera ofizialaren inguruko proposamena 1519ko agiri batean jasotako datuetan oinarritzen da, eta Juan Bautista Mendizabal zinegotzi eta Azkoitiko kronistak egin du. Gipuzkoako Foru Aldundiak du azken hitza. Banderaren gaiaz aparte, San Jose egoitzaren ondasun higiezinaren desafektazioa eta Sultana Jayaren inguruko mozioa landu eta onartu zituzten, besteak beste.

Gauzak ondo bidean, Azkoitiak Bandera Ofiziala izango du, eta gorria izango da. Atzo eman zioten hasierako onespena proposamenari Azkoitiko Udalaren urriko ohiko osoko bilkuran, aho batez. Azkoitiko kronista ofizial eta udaleko Ondare zinegotzi Juan Bautista Mendizabalek egin zuen proposamena, Azkoitiko udal artxibategian aurkitutako dokumentu batean oinarrituta. Hain zuzen, 1519. urteko dokumentua da Mendizabalek bilatutako agiria, eta bertan jasotzen da nolakoa zen garai hartako Azkoitiko Bandera Ofiziala. Atzoko bilkuran, artxibategiko dokumentua udal talde guztietako ordezkariei erakusteko probestu zuen Mendizabalek, eta, bide batez, prozesuaren nondik norakoak azaldu zituzten. Ondare zinegotziaren arabera, bandera ofizialaren inguruko aurkikuntza "oso berezia" da, haren arabera "ez delako batere ohikoa banderen horrelako deskribapenak aurkitzea artxibategietan".

Azkoitiko udaleko artxibategian aurkitutako dokumentuan 1519ko urriaren 20ko agiria da, eta bertan Juan Perez de Umansoro eskribauaren testigantza jasotzen da. Miguel Ybañez de Ynsausti zen alkate orduan. Dokumentuan jasotako informazioaren arabera, bandera gorria zen, eta 3×2 metroko neurriak zituen. Mendizabalek urriko ohiko bilkuran azaldu zuenez, Eusko Ikaskuntzarekin jarri zen harremanetan dokumentua aurkitu eta gutxira, eta erakunde horretako ordezkariek Mendizabalek egindako proposamenaren gainean txosten bat osatu zuten, proposamena onartzearekin batera.

Eusko Ikaskuntzaren onarpena jasota eta udalean aho batez onartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak izango du azken erabakia. Prozesu guztia amaitutakoan aurkeztuko du udalak herritarren aurrean Azkoitiko bandera ofiziala. 

Gaur egun, zuria da Azkoitiko bandera gisa ezagutzen dena. Udalak 1989ko martxoan onartu zuen Azkoitiko ezkutua edo armarria, baina gaur gaurkoz herriak ez du bandera ofizialik, orain arte ez zirelako jatorrizko banderaren ezaugarriak ezagutzen. Horregatik, orain arte ezkutua zeraman zapi zuri bat erabili izan da bandera bezala, baina ez bandera ofizial bezala.

San Jose egoitza eta mozioa

Bandera ofizialarena ez zen urriko udalbatzarrean landutako gai bakarra izan, ordea. Guztira, bederatzi puntu izan zituzten mintzagai, besteak beste, San Jose egoitzaren ondasun higiezinaren desafektazioa, Sultana Jayaren aldeko mozioa eta etxez etxeko laguntzetara bideratzeko kredituaren onespena.

2015ean onartu zen San Jose egoitza Kabiaren eskutan uzteko erabakia, baina ordutik geldituta egon da prozedura. Tramiteekin aurrera jarraitzeko, ezinbestekoa da San Jose egoitzaren ondasun higiezinaren desafektazioa, eta horri onespena ematea erabaki zuten atzoko udalbatzarrean, EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko bozekin. Udalaren arabera, "legez egin beharreko prozedura da" onartutakoa. Azkoitia Baik, bere aldetik, erabakiaren kontra bozkatu zuen, haien arabera, "herritarrak egoitzaren inguruan dituzten kexak ikusita", ez delako San Jose Egoitza Foru Aldundiaren eskuetan uzteko une egokia. Era berean, Azkoitia Bai zalantzan jarri zuen legea onartzeko ezinbestekotasuna, eta aipatu zuen zuzenagoa litzatekeela egoitzaren eskumena herrira itzultzea. 

Azkoitiko EAJk eta EH Bilduk proposatuta, Sultana Jaya sahararraren aldeko mozioa ere izan zuten hizpide urriko udalbatzarrean. Hain zuzen, Salba dezagun Sultana Jayaren bizitza izenburudun mozioa irakurri eta bozkatu zuten bilkuran. Bertan, Sahararen egoera salatu eta Espainiako Gobernuak nahiz bestelako nazioareko erakundeek auzian "behar bezala esku hartzeko" eskatu zuten. EAJk eta EH Bilduren bozekin onartuta gelditu zen mozioa. Azkoitia Baik eta PSE-EEk ezezko botoa eman zuten. PSE-EEk ez zuen azalpenik eman, baina Azkoitia Baik bere ezezko botoaren inguruko argipena egin zuen. Azkoitiko taldearen arabera, "horrelako mozioek ez dute oihartzunik izaten, eta ez dira herritarrengana behar bezala iristen". Hori dela eta, Azkoitia Baik proposatu zuen gaia herriratzeko bestelako mekanismoak erabiltzea, hala nola elkarretaratzeak deitzea.  

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide