Tolosak aurre hartu du Herriartekoaren final-laurdenetan

Andoni Elduaien 2022ko mai. 28a, 09:54

Kadete mailan eskuratu zuten garaipena soilik azkoitiarrek, gazteen eta nagusien mailako partidak galdu egin baitzituzten. Final-laurdenetako itzulerako partidak datorren asteburuan jokatuko dituzte Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan.

Azkoitiak 1 eta 2 galdu zuen atzo, ostirala, Gurea pilotalekuan jokatutako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren final-laurdenetako joanekoa. Kadete mailako partida atera zuten aurrera pilotari azkoitiarrek, eta gazteen eta nagusien mailan Tolosak eskuratu zituen puntuak.

Kadete mailan, Oier Aldazabalek eta Inhar Egañak osatutako bikotea Tolosako bikotea baino gehiago izan zen. Aldazabalek sakearekin asmatu egin zuen abantaila ederra lortzeko, eta Egañak ondo babestu zituen haren bizkarrak. Oro har, neurketa guztian gehiago izan ziren azkoitiarrak, eta amaieran, 22 eta 6 irabazi zuten.

Gazteen mailan, berriz, Tolosako atzelaria nabarmendu zen beste guztien gainetik. Kasik, bakarrik aritu zen Mikel Aranbarri eta Alex Juaristi azkoitiarren aurka. Aurreko pilotak atzeko koadroetaraino luzatu zituen hark, eta Juaristi atzelariak frontisetik urrun aritu behar izan zuen. Aranbarrik sakez egindako tantoei esker hurbildu zen Azkoitia markagailuan, baino handik aurrera ezer gutxi egin ahal izan zuen Azkoitiko bikoteak. 12 eta 22 irabazi zuen Tolosak eguneko bigarren lehia.

Markagailua berdinduta, Gurean bildu ziren pilotazaleak nagusien mailako partidaren zain zeuden, lehia estua izatea espero baitzen. Alex Juaristik eta Jon Juaristik ordezkatu zuten Azkoitia, baina bikoteak ezin izan zuen herriaren aldeko bigarren puntua eskuratu. Tolosak irauli ezinezko abantaila lortu zuen hasi eta berehala –0 eta 9–. Pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen hasi ziren azkoitiarrak, baina inoiz ez bost tanto edo gutxiagora. Tolosako aurrelariak bizi mugitu zuen pilota aurreko koadroetan, eta haren lanak min egin zien azkoitiarrei. Bigarren partidan bezala, 12 eta 22 irabazi zuen Tolosak Azkoitian.

Itzulerakoa, datorren astean

Datorren asteburuan, Tolosako Beotibar pilotalekuan aritu beharko dute pilotari azkoitiarrek. Joanekoa 1 eta 2 galdu arren, Azkoitia bizirik dago oraindik Herriartekoan; izan ere, tantoen kopuruari erreparatuta, lau tantoren aldea besterik ez dago bi herrien artean –46 tanto ditu alde Azkoitiak eta 50 Tolosak–. Azkoitiak finalerdietara sailkatu nahi badu, bi partida irabazi beharko ditu Tolosan, eta egun aurka duen tanto errentari buelta eman beharko dio.

Bestalde, bihar, igandea, Azkoitiko Oteiza pilota elkarteak Berria txapelketaren final-zortzirenetako kanporaketa jokatuko du Andoaingo (Gipuzkoa) Gazteleku elkartearen aurka; 10:00etan jokatuko dituzte partidak. Lehen kanporaketan, Zornotzako Lagun Onak hartu zuten mendean azkoitiarrek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide