Berria txapelketako final zortzirenetara sailkatu da Oteiza elkartea

Andoni Elduaien 2022ko mai. 2a, 09:04
Oteiza elkarteko pilotariak, Zornotzan. (Utzitakoa)

Zornotzan aritu ziren atzo pilota elkarteko kideak, eta kadete, jubenil eta nagusien mailako partidak irabazi zituzten. Final zortzirenetan Andoaingo (Gipuzkoa) Gazteleku pilota elkartearen aurka aritu beharko dute. Maiatzeko azken asteburuan izango

Azkoitiko Oteiza pilota elkarteak XVII. Berria Txapelketako lehen kanporaketa gainditu zuen atzo, igandea, Zornotzako (Bizkaia) Amorebieta IV.a pilotalekuan. Zornotzako Lagun Onak pilota elkarteko lagunen aurka aritu ziren pilotari azkoitiarrak, eta arratsaldeko partida guztiak irabazi zituzten. Kadete mailan, Oier Aldazabalek eta Inhar Egañak 21 eta 22 irabazi zuten; jubenil mailan, 11 eta 22 nagusitu ziren Mikel Aranbarri eta Alex Juaristi. Nagusien mailan, berriz, Alex Juaristik eta Jon Juaristik 16 eta 22 menderatu zituzten bizkaitarrak.

Lehen bi partidak irabazita iritsi zen Azkoitiko taldea azken partidara, baina bi garaipen horiek ez zieten ziurtatu kanporaketa gainditzea; izan ere, Berria txapelketaren sistema ez da Herriartekoaren berdina. Talde batek kadete eta jubenil mailako partidak –lehen bi partidak– irabazten baditu, hiru partidetan tanto gehien egindako taldea sailkatuko da, nahiz eta tanto gehien egin dituen taldeak hiru partidetan azkena bakarrik irabazi. Bi taldeen tanto kopurua berdina bada, berriz, bi partida irabazi dituen taldeak egingo du aurrera. Azkoitiarrek ez zuten atzo matematikak egiten hasi beharrik izan, jokatu zituzten hiru pilota partidak irabazi baitzituzten.

Lehen kanporaketa gaindituta, Azkoitiko pilota elkartea final zortzirenetara sailkatu da. Maiatzaren 29an, Andoaingo (Gipuzkoa) Gaztelekuren aurka jokatuko dute final zortzirenetako kanporaketa. Aurrez, hilaren 15eko eta 22ko asteburuetan, Gipuzkoako Herriarteko txapelketaren final zortzirenetako partidak jokatu beharko dituzte azkoitiarrek Bergararen aurka.

Iñaki Azkoitiak, txapeldunorde

Oteiza pilota elkarteko Iñaki Azkoitia pilotariak, bestalde, GRABNI –Gipuzkoako, Errioxako, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Iparraldeko– federazio arteko txapelketako finala jokatu zuen larunbatean. Gipuzkoa ordezkatuz, trinkete txapelketako 22 urtez azpikoen finala jokatu zuen azkoitiarrak eskuz banaka. Nafarroako Murillo izan zuen aurkari, eta 40 eta 22 galdu zuen pilotari azkoitiarrak Gazteizko Astronomos trinketean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide