Bergara eta Zarautz, Azkoitiaren lehen aurkariak Herriarteko txapelketetan

Andoni Elduaien 2022ko api. 7a, 08:42

Gipuzkoako pilota elkarteetako ordezkariak, tartean azkoitiarrak, atzoko aurkezpenean. (GEPF)

Bergararren aurka jokatu beharko dute eskuzko pilotari azkoitiarrek final zortzirenetan. Gomazko palistek, berriz, Zarautz izango dute aurkari lehen fasean; horiek ere final zortzirenetan ekingo diote txapelketari.

Atzo, asteazkena, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak Donostian egin zituen Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako modalitate guztietako zozketak. Hain zuzen ere, eskuzko, palako, zesta puntako eta gomazko paletako txapelketen koadroak osatu zituzten. Azkoitiak eskuzkoan eta gomazko paletan izango ditu ordezkariak aurtengo txapelketan. Bergara izango da Azkoitiko eskuzko pilotarien lehen aurkaria, eta Zarautz gomazko palistena.

Guztira, hamazazpi herri lehiatuko dira eskuzkoan, hamabost gomazko paletan, bederatzi larruzko paletan nahiz pala motzean eta hiru zesta puntan. Azkoitiak, beraz, Gipuzkoako beste hamasei herrirekin batera parte hartuko du eskuzko txapelketan, eta gomazko paletako egungo txapeldunek beste hamalau herri izango dituzte aurrez aurre.

Eskuzkoan, Azkoitiak etxean hasiko du aurtengo Herriartekoaren ibilia. Hain zuzen ere, maiatzaren 15eko asteburuan ekingo dio Azkoitiak lehiari, final zortzirenetan, eta handik astebetera jokatuko dute itzulerakoa Bergaran. Final laurdenetarako urratsa eginez gero, azkoitiarrek Zestoa-Tolosa kanporaketako irabazlearen aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Eskuzko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala ekainaren 25ean jokatuko dute.

Gomazko paletan, berriz, Azkoitiak etxetik kanpo ekin beharko dio Herriartekoari. Maiatzaren 8ko asteburuan, Zarautzen jokatuko dituzte Herriarteko lehen hiru partidak, eta handik astebetera Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Herriko palistak final laurdenetara sailkatuko balira, Soraluze izango dute aurkari. Gomazko paleta modalitateko finala ekainaren 19an jokatuko dute. Iaz, 2019an bezala, Gipuzkoako txapela jantzi zuten palista azkoitiarrek Herriartekoan.