Gipuzkoako Herriartekoaren txapela bigarrenez irabazi dute Azkoitiko palistek

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 27a, 13:30

2 eta 1 gainditu dute azkoitiarrek Donostiako taldea Villabonan jokatutako gomazko paletako txapelketaren finalean, 2019an lortu zuten garaipena berrituz.

Finalaren atarian zituzten itxaropenak berretsi dituzte Azkoitiko palistek, eta gaur bigarren aldiz irabazi du Azkoitiak gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. 2 eta 1 menderatu du Azkoitiak Donostiako taldea gaur goizean Villabonako Behar Zana pilotalekuan jokatutako finala. Horrenbestez, "beste urtebetez erreferentzia" izaten jarraituko du Azkotiak gomazko paletan Gipuzkoan, finala bukatu ostean Iker Epelde taldekideak Maxixatzeni adierazi moduan.

Buruz buruko partidak izan dira azkoitiarren garaipenaren oinarria. Finaleko lehendabiziko neurketan, Iker Epeldek 20 eta 18 irabazi du, Azkoitiari lehen puntua emateko. "Erraz hasi" dela azaldu du Epeldek berak, 15-8 aurretik ere jarri da, baina bukaeran "estutu" egin du aurkariak. Hala ere, 20 eta 18 nagusitzea lortu du azkoitiarrak. Bigarren neurketan, bikotekakoan, 20 eta 5 galdu dute Igor Juaristik eta Aratz Zabaletak. Horrela, Jokin Aizpuruk zazpi koadroren barruan buruz buru jokatu behar zuen hirugarren eta azken partidaren menpe gelditu da finalaren azken emaitza; Aizpuruk ez du hutsik egin, eta bigarren partidan donostiarrak eroso nagusitu diren moduan, aise gainditu aurkaria azkoitiarrak, 20 eta 10. "Baganekien bigarrena irabaztea zaila izango zela, eta buruz buruko bi partidetan geneuzkan esperantzak. Beraz, lehenengoa zen gakoa guretzat, eta kostatuta izan bada ere, hori irabaztea lortu dugu azkenean", azaldu du Epeldek gaurko finalaren bilakaera.

Gaurkoa Azkoitiak gomazko paletako Gipuzkoako Herriartekoan jarraian lortu duen bigarren txapela da; 2019an jantzi zuen lehen aldiz eta txapel hori defendatzea tokatu zaie aurten, iaz koronabirusa tarteko ez baitzen txapelketarik jokatu. Hiru txapelketa besterik ez dira jokatu modalitate horretan, eta Azkoitiak bi final jokatu eta beste horrenbeste garaipen eskuratu ditu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide