Herriko zenbait hirigintza lanek "eragozpenak" eragin ditzaketela adierazi du udalak

Andoni Elduaien 2022ko mai. 12a, 12:21
Jausoron eraikiko dituzten etxe berrien gunea. (Udala)

Bi edo hiru astean amaituko dituzte Julio Urkixo eta Xabier Munibe kaleetako asfaltatze lanak. Jausoron, berriz, etxebizitza promozio berria eraikitzeko lanak hasi berri dituzte. Sor daitezkeen "eragozpenen" aurrean, egoera "ulertzeko" eskatu die herritarrei udalak.

Azkoitiko Udalak jakinarazi du herrian martxan dauden edota laster hasiko dituzten zenbait hirigintza lanek "eragozpenak" eragin ditzaketela. Dagoeneko hasi dituzte Jausoroko Ibaiondo Berri promozioko lanak, eta datorren astean hasiko dituzte Xabier Munibe eta Julio Urkixo etorbidea lotzen dituen errepidea asfaltatzen.

Hain zuzen, astelehenean, maiatzak 16, hasiko dira bi kale horietako errepidea asfaltatzen. Lan horietan murgildu baino lehen, ordea, errepidearen bi bazterretan dauden areketan edo ubideetan zenbait lan egingo dituzte. Erakundeak egin dituen aurreikuspenen arabera, asfaltatze lanek "bizpahiru aste" iraungo dute. "Obrek irauten duten bitartean, trabak sor daitezke. Edonola ere, une oro, eragozpenak minimizatzen eta saihesten ahaleginduko dira arduradunak", adierazi du udalak.

Bestalde, egunotan ekin diete lanei Jausoro auzoan; izan ere, anbulatorio ondoan Ibaiondo Berri promozioa altxatuko dute. Udalak azaldu duenez esku-hartze horrek ere "trabak" eragin ditzake, eta herritarrei egoera "ulertzeko" eskatu die, "lanak ezin baitaitezke bestela egin".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide