Udalak asfaltatze lanak egingo ditu Julio Urkixo eta Xabier Munibe kaleetan

Ane Olaizola 2022ko api. 12a, 11:00
Julio Urkixo kalea (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Udalak Julio Urkixo eta Xabier Munibe kaleetako eraberritze lanak hasiko ditu, eta uda aurretik amaitzea espero du. Zehazki, Julio Urkixo kaleko 1 eta 20 zenbaki artean eta Aizkibel Liburutegi paretik Julio Urkixo kaleko bidegurutzera artean egingo dituzte lanak.

Azkoitiko Udalak Julio Urkixo eta Xabier Munibe kaleetako eraberritze lanak hasiko ditu, eta errepideetan asfaltatze lanak egingo ditu, besteak beste. Hain zuzen ere, Julio Urkixon, kaleko 1 eta 20 zenbakien artean eta Xabier Munibe kalean, Aizkibel Liburutegi paretik Julio Urkixo kaleko bidegurutzera artean egingo dituzte obrak, eta udalak jakinarazi duenez, bere helburua da lanak uda aurretik amaitzea. Obrek 151.808,64 euroko aurrekontua dute, eta Asfaltos Urretxu enpresak egingo ditu.

Enpresak "esku-hartze solteak" egingo ditu zoladura berritzeko, eta horrez gain, pintaketa lanak ere egingo ditu. Erakundeak adierazi duenez, lanak amaitzeko aurreikusitako epea bi hilabetekoa da, eta horiek "ahalik eta ondoen" antolatuko ditu, obrek ahalik eta gutxien eragin dezaten ibilgailuen zirkulazioan.

Udalak azaldu duenez, Julio Urkixon zein Xabier Muniben abiatuko dituzten lanak "udaberriko asfaltatze plangintzaren barruan" kokatzen dira. "Helburua da egoera txarrean dauden bideak berritzen joatea, urtero diru-partida bat horretarako bideratuta". Hain zuzen ere, erakundeak gogoratu du iaz asfaltatze eta pintaketa lanak egin zituztela Ibai Ondo 18 eta Martin Deuna kalea 5 artean, Ibai Ondo eta Altzibar kaleetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide