Bisita gidatua egin dute hainbat lagunek Egurbide errotara

Anartz Izagirre 2022ko mai. 8a, 12:27

Gipuzkoako Erroten Eguna da gaur, maiatzak 8, eta lurralde osoko hainbat errotatan bisita gidatuak egiten ari dira; tartean, Azkoitiko Egurbide Monumentu Multzoan. Hainbat herritar joan dira saiora, eta errotaren inguruko xehetasunak jakin dituzte bertan.

Ihurrita Errota Elkarteak 40 jarduera baino gehiago antolatu ditu gaurko; izan ere, Gipuzkoako Erroten Eguna antolatu dute gaur lehen aldiz, eta, tartean, Azkoitiko Egurbide errotara bisita gidatua egiteko aukera izan dute herritarrek. 

XVII. mende hasierakoak dira Egurbide Monumentu Multzoa osatzen dute Egurbidetorrea baserriaren eraikin nagusiak eta eranskinak. Aldiz, XVIII. mendekoa da Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita, eta XVI. mendekoak Egurbideko errotak eta burdinolak. Egurbideko burdinolari buruzko dokumentazioa, aldiz, 1568. urtekoa da.

Gaurko bisitan, errota haren inguruko historia eta hainbat xehetasun entzun ahal izan dituzte bisitara joan direnek.

(Argazkiak: Azkoitiko Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide