Gipuzkoako Erroten Eguna ospatzeko, bisita gidatua egingo da igandean Egurbide errotara

Andoni Elduaien 2022ko mai. 2a, 10:44
Egurbide errotara egingo dute igandean bisita gidatua.

10:30ean egingo dute bisita gidatua Egurbide errotara. Saioan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez udaletxearekin harremanetan jarrita. Gipuzkoako Erroten Eguna dela eta, Ihurrita Errota elkarteak 40 ekimen baino gehiago antolatu ditu lurralde osoan.

Datorren igandean, maiatzaren 8an, Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko dute lehen aldiz, eta horrekin batera, ondare elementu horien inguruko jarduera programa zabala antolatu dute; izan ere, Gipuzkoako Erroten Egunaren bueltan 40 jarduera baino gehiago antolatu ditu Ihurrita Errota elkarteak. Azkoitian, esaterako, doako bisita gidatua egingo dute Egurbide errotara.

10:30ean izango da bisitaldia, eta Egurbide Monumentu Multzoaren inguruko azalpenak eskainiko dituzte bertan. Saioan parte hartu ahal izateko plaza kopurua mugatua da, eta horretarako, interesa duten herritarrek kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute edo 943-85 71 70 telefono zenbakira deitu.

XVII. mende hasierakoak dira Egurbide Monumentu Multzoa osatzen dute Egurbidetorrea baserriaren eraikin nagusiak eta eranskinak. Aldiz, XVIII. mendekoa da Aingeru Zaintzaile Santuaren ermita, eta XVI. mendekoak Egurbideko errotak eta burdinolak. Egurbideko burdinolari buruzko dokumentazioa, aldiz, 1568. urtekoa da. 2008ko maiatzean, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, hain zuzen, Sailkatutako Kultura Ondasuna. Nahiz eta burdinolako eraikin nagusia egun ez egon, goratutako deposituaren instalazioek, ur-jauziak eta atxikita dauden eraikinek balio kulturala dute.

Errotek garrantzia handia izan dute Gipuzkoaren historia, eta hori aintzat hartuta antolatu dute Gipuzkoako Erroten Eguna. Lurraldearen orografiari eta klima euritsuari esker, errotaren industria garatu zen, mendeetan zehar energia hidraulikoa baliatzen baitzuen komunitateari zerbitzua ematen zion hainbat zereal mota ehotzeko. Arto amerikarraren etorrerak eta lurraren ezaugarrietara ondo egokitzeak erroten kopurua biderkatu zuen, eta hainbat mendetan zehar beren jarduerari eutsi zioten, pixkanaka bigarren maila batean geratzen joan ziren arte.

Lurraldeko hainbat elkarte, udalerri eta eragileren laguntza izan du Ihurrita Errota elkarteak, besteak beste, San Telmo Museoarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena. Jendeari errotak hobeto ezagutzeko eta ondare-elementu horri lotutako alderdi ezberdinak ulertzeko aukera ematea du helburu: historia eta kultura, ingurumena, teknologia, energia desberdinen erabilera eta gure gizarteak eta paisaiak izan dituzten aldaketak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide