Hasi da Zuhaitz Urain 'Zizu'-ren omenezko Holz Und Blech festa

Anartz Izagirre 2022ko mai. 7a, 12:48

Atzo hasi ziren seigarren edizioko ekintzak Divorced from New York DJaren hitzaldiarekin, eta gaur egun osoko jaialdia izango da Azkoitiko hainbat puntutan. Eguerdian txupinazoa bota dute Plazaberrin, eta lore sorta oparitu diete ondoren Zuhaitz Urain Zizu zenaren familiako kideei. Bazkalostean jarraituko du festak herrian.

Hasi da dagoeneko Zuhaitz Urain Zizu zenaren omenez antolatzen duten Holz Und Blech festaren seigarren edizioa. Atzo, ostirala, Divorced from New York DJaren hitzaldia izan zen Kultur Etxean; Ihintza Elustondo kazetariak gidatu zuen saioa, eta DJak bere musika ibilbideaz, formazioaz eta egungo jardunaz hitz egin zuen bertan. Amaieran, gainera, emanaldi txiki bat ere eskaini zuen protagonistak.

Dena den, festaren zati handiena gaur izango da herriko hainbat txokotan. Eguerdian omenaldia egin diote Zizuri Plazaberrin, jendez inguratuta; txupinazoa bota dute lehenik, eta, ondoren, Zizuren bi lagunek txalaparta jo dute. Horren ostean lore eskaintza egin diote omenduaren familiako kideei, eta emozioz betetako uneak izan dira Plazaberrin. Festak aurrera darrai orain Munizzio DJaren emanaldiarekin, eta Joseba jatetxean egingo duten bazkariaren ondoren —Depression-Jon Frasier DJa arituko da bazkarian zehar—, goizeko 06:00ak bitartean zenbait DJ entzuteko parada izango da herriko hainbat txokotan.

Hona hemen hemendik aurrerako egitaraua:

Larunbata:

  • Joseba jatetxea (4): bazkaria eta Depression-Jon Frasier (14:00-17:00).
  • Matadeixe (5): Galiano eta Pizky (17:00-22:00).
  • Goiko Losa (6): Beba eta Panda (22:00-01:00).
  • Kontzejupe (7): Dardara eta Krakobia (22:00-01:00).
  • Tta-kun (8): Solo Jons, Josu Aranburu eta Goiko (23:30-04:00).
  • Zurt (9): Loreak, Kimho eta Drymouth (23:30-04:00).
  • Dean (10): Traxx Jr, Mr. Soto, Ope Loeb eta Piek (22:00-04:00).
  • Koxka (11): Xugua eta Costas, Juantxi eta Murxi (23:30-04:00).
  • Latz (12): Balza, Arizonako Billy eta Bihotza (23:30-06:00).
  • Txalintxo (13): Mikol, Anartz, Argia eta Frolicsome (22:00-06:00).
Erlazionatuak

Holz Und Blech festa, lehertzear

Andoni Elduaien 2022 mai 04 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide