Holz Und Blech festa, lehertzear

Andoni Elduaien 2022ko mai. 4a, 08:33

Antolatzaile taldea, margotu berri duten muralaren aurrean.

Ostiralerako hitzaldia antolatu dute Kultur Etxean. Larunbatean, berriz, 32 musika jartzaileren emanaldiak izango dira herrian, baita haurrentzako eta gaztetxoentzako tailerra ere. Antolatzaileak eguna iristeko gogotsu daude.

Asteburuan ospatuko dute Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdia Azkoitian. Zuhaitz Urain Zizu zenaren omenez antolatu ohi dute urtero jaialdia herrian, eta aurten seigarren aldiz ospatuko dute eguna. Aurten, lehen aldiz, bi egunetan izango dira jaialdiari lotutako ekintzak. Ostiralean, Divorced from New York DJak hitzaldia eskainiko du Kultur Etxeko areto nagusian. Ihintza Elustondo kazetari azpeitiarrak gidatuko du saioa, eta besteak beste, bere musika ibilbideaz, formazioaz eta egungo jardunaz hitz egingo du. Amaieran, gainera, emanaldi txiki bat ere eskainiko du protagonistak. Musika unean bertan eta zuzenean sortu ohi du musikariak, eta Kultur Etxean ere gisa horretako saio labur bat eskainiko du. "Musika elektronikoa gustatu ez arren, estilo horretako musika nola sortzen den jakiteko interesgarria izango da hitzaldia", nabarmendu dute antolatzaileek.

Larunbata izango da jaialdiaren egun bereziena. 10:30etik aurrera, haurrei zuzendutako tailerra eskainiko dute Kontzejupean, eta bertan musika elektronikoa gertutik ezagutzeko aukera izango dute haurrek zein gaztetxoek. Jaialdia antolatzeko lanetan aritu diren lagunek eta hainbat disko jartzailek parte hartuko dute saioan, baita Bihotza DJak ere. Haren parte hartzea azpimarratu dute antolatzaileek. "Bihotzak musika elektronikoaren munduan lan egiten du, eta jaialdian parte hartzeko gonbidapena egin genionean, bera animatu zen haurrei tailerra eskaintzera. Festa eguna izateaz gain, herriari zerbait gehiago eskaintzea ere bada gure asmoa".

Tailerra amaitu eta musika emanaldiekin hasi aurretik, Zuhaitz Urain zenari omenaldia egingo diote Plazaberrin. 12:00etan, txupinazoa botako dute, eta segidan egingo dute omenaldi ekitaldia. Urain zenaren kuadrillako bi lagunek txalaparta doinuak eskainiko dituzte, eta omenaldi tartea amaitutakoan, lehen DJ emanaldia hasiko da Plazaberrin. "Jendeak ulertu behar du gu ez garela enpresa bat, eta antolatzen dugun jaialdia ez dugula dirua irabazteko egiten. Jaia lagun bat oroitzeko egiten dugu, hura omentzeko eta berari gustatzen zitzaiona eginez eguna ondo pasatzeko".

Ondoren, bazkaria egingo dute Joseba jatetxean. Bazkaltzeko plaza guztiak bete dira dagoeneko, eta antolatzaileen arabera, 130 lagun inguru elkartuko dira otordua egiteko, "inoizko kopuru handiena". Bazkaltzeko garaian ere musikak ez du hutsik egingo, eta 17:00etatik aurrera Matadeixen jarraituko du festak, eta 22:00etara bitartean.

Inoizko jaialdirik handiena

Aurten azken jaialdian baino hamahiru musika jartzaile gehiagok parte hartuko dute. Inoiz baino DJ gehiago izango dira Azkoitian, guztira, 32 musikari elkartuko baitira. Kopuru hori lortzea antolakuntza taldeak egindako lanaren emaitza da. Azken urteetan baino lagun gehiago aritu dira aurten jaialdia antolatzen, "esku gehiagok" lan egin dute. "Ez da berdina bi lagunek antolatu edo zazpi bat lagunek antolatu. Ideia berriak eta gehiago sortzen dira horrela, eta azkenean, gauza desberdinak egiteko aukera ematen du".

Horrenbeste musika jartzaile lotzeko lan handia hartu dute antolatzaileek, eta gustura daude osatu duten kartelarekin. "Musika jartzaile asko ezagunak zaizkigu, taldean mundu honetan ibiltzen diren kideak ditugulako, tabernaren batean haiekin topo egin dugulako edota beren izenak ezagunak zaizkigulako". Musikari gehienak euskaldunak dira, baina Euskal Herritik kanpoko zenbait kide ere Azkoitian izango dira. Antolatzaileen esanetan, izen onak elkartu dituzte kartelean, eta horietako bat da Argia. Madrildarra da hura, eta hilero Madrilen nahiz Berlinen aritzen da emanaldiak eskaintzen. "Ezagutzen ez genuetako bat Argia da, baina egia esan erraztasunak besterik ez dizkigu eman. Askok ulertu egiten dute gure asmoa, eta beraien partetik ere ahal duten guztia jartzen ahalegintzen dira".

Eguna aurrera ateratzeko udalaren zein herriko zenbait tabernaren babesa jaso dute. Herriko zazpi tabernetan emango dituzte emanaldiak Djek, 22:00etatik igandeko 06:00etara. Taberna bakoitzerako giro edo estilo bat duten musika jartzaileak lotu dituzte. 22:00etatik 01:00etara bitartean, berriz, Kontzejupean eta Goiko Losan izango dira musika jartzaile batzuk. "Kalean ere mugimendu hori sumatuko da. Ari gara pixkanaka Zuhaitzek nahi zuena lortzen". Zuzeneko emanaldiak ere izango dira aurten lehen aldiz.

Pixkanaka, zabaltzen

Ihintza Urain, Zuhaitz Urain zenaren arreba, ere antolakuntza lanetan murgilduta dago, eta harentzat "berezia" da festa egunean omenaldiari tartea egitea. "Pertsonalki oso polita da omenaldiaren unea egitarauan gehitu izana; berak bere unea izatea ederra da. Kontraesanak izango dituen eguna izango da, poztasun uneak bezala tristura uneak ere izango direlako. Gero etorriko da berak eskatu bezalako ospakizunaren tartea". Urainen arabera, urtetik urtera "eboluzio handia" ari da izaten jaialdia, eta aurtengoa "inoiz baino hobeagoa" izango da. "Eboluzioa garbi-garbi ikusten da. Sare sozialetan ere sekulako jauzia egin dugu. Gaur egun, beharrezkoak dira sare sozialak gu jendearengana iristeko edo jendea gugana iristeko. Aurten, lan handia hartu dugu".

Jendeak ere erantzun egiten duela dio Urainek, eta herritik kanpora ere oihartzuna zabaldu dela dio. Jaialdiari ikusgarritasuna emateko, Holz Und Blechen arropak saldu dituzte azken hilabeteetan, eta sare sozialen bitartez ere zabaldu dute egunari lotutako informazioa. Jendearen konpromisoa azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. "Kamisetak erosterakoan-eta nabaritu dugu, badagoela egunari indarra eman nahi dion jendea. Konpromisorik gabe ezinezkoa da jaialdia aurrera ateratzea". Herritik zein eskualdetik kanpoko lagunak espero dituzte herrian, dagoeneko hala baieztatu baitiete. Gogotsu daude antolatzaile taldeko kideak eguna iristeko. "Ordu asko eskaini dizkiogu honi guztiari, eta eguna ondo ateratzeko ilusio handia dugu".

Egitaraua, gunez gune:

Ostirala:

  • Kultur Etxea (1): Divorced from New York DJaren hitzaldia (19:00).

Larunbata:

  • Herriko plaza (2): DJ ikastaroa (10:30-12:00).
  • Plazaberri (3): omenaldia eta Munizzio (12:00-14:00).
  • Joseba jatetxea (4): bazkaria eta Depression-Jon Frasier (14:00-17:00).
  • Matadeixe (5): Galiano eta Pizky (17:00-22:00).
  • Goiko Losa (6): Beba eta Panda (22:00-01:00).
  • Kontzejupe (7): Dardara eta Krakobia (22:00-01:00).
  • Tta-kun (8): Solo Jons, Josu Aranburu eta Goiko (23:30-04:00).
  • Zurt (9): Loreak, Kimho eta Drymouth (23:30-04:00).
  • Dean (10): Traxx Jr, Mr. Soto, Ope Loeb eta Piek (22:00-04:00).
  • Koxka (11): Xugua eta Costas, Juantxi eta Murxi (23:30-04:00).
  • Latz (12): Balza, Arizonako Billy eta Bihotza (23:30-06:00).
  • Txalintxo (13): Mikol, Anartz, Argia eta Frolicsome (22:00-06:00).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide