Juaristi ISBk ezin izan dio irabazi Caceres Patrimonio de la Humanidad taldeari

Ihintza Elustondo 2022ko api. 11a, 10:18
Juaristi ISBren atzoko partidako une bat. (Mikel Amenabar)

Azkoitia-Azpeitia ISBk ligako azken neurketa jokatu zuen larunbatean, Hierros Diaz Extremadura Miral taldearen aurka, eta 62 eta 99 gailendu ziren. Gizonezkoen Juaristi ISB taldeak, bestalde, ezin izan zion irabazi Caceres Patrimonio de la Human taldeari, eta jaitsiera postuetan jarraitzen du.

ISBren bi talde nagusiek ligako neurketak jokatu dituzte asteburuan. Emakumeen Azkoitia-Azpeitia ISBk duela bi aste lortu zuen LF Challenge mailari eustea, eta beraz, lasai joan ziren larunbatean ligako azken neurketa jokatzera, Caceresera (Espainia). Hierros Diaz Extremadura Miral taldearen aurka neurtu zituzten indarrak emakumeek, eta 62 eta 99 gailendu ziren. Horrenbestez, hamalaugarren postuan amaitu du liga Azkoitia-Azpeitia ISBk. Aipatzekoa da, ligako azken neurketan, Intza Lizarazu kapitainak hamazazpi puntu eskuratu zituela.

Gizonezkoen Juaristi ISB taldeak, bestalde, Azpeitiko kiroldegian jokatu zuen atzo, igandea, Caceres Patrimonio de la Humanidad taldearen aurka. Neurketa garrantzitsua zen atzokoa Juaristi ISBrentzat, jaitsiera postuetan baitago taldea. Hala eta guztiz ere, ez zuten lortu garaipenik. Partida guztian zehar galtzen joan zen Juaristi ISB, eta ez zuen lortu markagailuari buelta ematerik. Markagailuak 53 eta 75 adierazten zuela amaitu zen partida. Une honetan, hamaseigarren postuan dago taldea, eta jaitsiera postuetatik irteteko borrokan jarraitu beharko dute gizonek. Gaur-gaurkoz, denboraldia amaitzeko, sei jardunaldi falta dira.

Azkoitia-Azpeitia ISBko neskak, larunbateko partida amaitu ostean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide