Azkoitia-Azpeitia ISBk LF Challenge mailan jarraituko du

Andoni Elduaien 2022ko mar. 28a, 09:00

Jokalariak eta talde teknikoa, lorpena ospatzen. (Iraurgi)

Nahiz eta larunbatean Advisoria Mataro Maresmeren aurka galdu, ISBk mailari eustea lortu du, liga txapelketa amaitzeko bi jardunaldiren faltan jaitsiera postuetan dagoen Hierros Diaz Extremadura Miral taldeak baino hiru garaipen gehiago baititu Andoni Lazkanoren taldeak. Juaristi ISBk, berriz, galdu egin zuen Azkoitian Tau Castelloren aurka.

Azkoitia-Azpeitia ISBk 63 eta 48 galdu zuen herenegun, larunbata, Advisoria Mataro Maresme taldearen aurka, Mataron (Herrialde Katalanak). Azken sailkatuaren aritu zen Andoni Lazkanoren taldea, baina, nahiz eta galdu, ISBko neskek LF Challenge mailari eustea lortu dute.

Liga txapelketa amaitzeko bi jardunaldi besterik ez zaizkie gelditzen, eta jaitsiera postuetan dagoen Hierros Diaz Extremadura Miral taldeak baino hiru garaipen gehiago ditu gaur-gaurkoz Andoni Lazkanoren taldeak. Beraz, emakumeen Espainiako bigarren mailan arituko dira datorren denboraldian ere ISBko neskak. "Guk gure liga irabazi dugu. Challenge gara", adierazi zuen ISBko sare sozialetan lorpena eskuratu ondoren.

Puntuz urri aritu zen larunbatean Azkoitia-Azpeitia ISB. Guztira, hemezortzi hiruko jaurtiketa egin zituzten ISBko jokalariek partida osoan, eta bakarra saskiratu zuten. Biko jaurtiketetan ere ez ziren fin aritu; 48 jaurtiketa eginda 18 saskiratu zituzten. Lazkanok zuzentzen duen taldeak atsedenaldira arte eutsi zion etxeko taldeari, hirugarren laurdenean kataluniarrek lortutako 23 eta 6ko partzialak guztiz hautsi baitzuen ordura arteko oreka. Saioa Altzagak lortu zuen ISBko balorazio onena (13), nahiz eta saskiratzaile onena Anisha Briana George (12) izan.

Datorren larunbatean, apirilak 2, jokatuko du Azkoitia-Azpeitia ISBk denboraldi honetako etxeko azken partida. Azkoitiko Elkargunean jokatuko dute NB Paterna taldearen aurka, 19:00etan hasita. Denboraldiko azken lehia, berriz, Hierros Diaz Extremadura Miral taldearen aurka jokatuko du Lazkanoren taldeak.

Juaristi, jaitsiera postuetan

Azkoitiko Elkargunean jokatu zuen atzo, igandea, Juaristi ISBk. Tau Castello taldea izan zuen aurrean, eta Iñaki Jimenezen taldeak 75 eta 85 galdu zuen. Atsedenaldira zazpi puntu azpitik iritsi zen ISB (36-43), baina  hirugarren laurdenean errenta handia lortu zuten bisitariek, hemezortzi puntura urrunduta. Azken laurdenean maila ona erakutsi zuen taldeak, baina ordurako beranduegi zen garaipena eskuratu ahal izateko.

Rodrigo Seoane eta Sidy Cissoko izan ziren taldeko jokalari onenak, 14na puntuko balorazioa lortuta. Taldeko saskiratzaile onena, berriz, Pavel Savkov izan zen, 16 puntu saskiratuta. Denboraldia amaitzeko zortzi jardunaldi gelditzen zaizkio Juaristi ISBri, eta mailari eusteko borrokan bete-betean dago sartuta taldea. Jaitsiera postuetatik kanpo dagoen CB Prat taldearekin garaipenetan berdinduta jarraitzen du Jimenezen taldeak, eta garaipen batera dute CB Almansa Con Afanion taldea. Hain zuzen ere, Albaceteko (Espainia) taldearen aurka arituko dira etzi, asteazkena, Almansako kiroldegian; 21:00etan hasiko dute neurketa. 

Ibon Guridiren saskiratzeetako bat. 9 puntu eskuratu zituen kapitainak. (Mikel 'Otola')