Plazara atera dira Bizkargi eskolako dantzariak

Andoni Elduaien 2022ko mar. 20a, 12:09

'Elkar+ekin dantzan' ekimenari lotutako dantza saioa eskaini dute Bizkargi eskolako dantzariek herriko plazan. Giro onak lagunduta, herritar ugari elkartu da enparantzan dantza saioa ikustera.

'Elkar+ekin gara!' ekimenaren barruan, 'Elkar+ekin dantzan' ekimena egin dute gaur, martxoak 20, Euskal Herriko herri eta hirietan. Azkoitiko Bizkargi musika eta dantza eskolako kideek ere parte hartu dute ekimenean, eta, 11:00etan, herriko plaza nagusian elkartu dira eskolako kideak.

Hiru dantza eskaini dituzte Olatz Salvadorrek eta Bihotx taldeak ekimenerako egokitutako Martxa baten lehen notak abestiak lagunduta: euskal dantzak, mutxiko erako dantzak eta dantza garaikidea. Dantzarako gosea, ordea, ez zaie hor amaitu, eta beste hainbat dantza ere egin dituzte. Herritarrek irrintziekin eta txalo artean eskertu dute haiek egindako lana.

EIBE Elkarteen Ikerketa eta Berrikuntzarako Ekosistema elkarteak sustatu du ekimena, eta elkarteen zein boluntarioen lanari balioa ematea da haren helburua. Horretarako, dantza ekimena antolatu dute Euskal Herri osorako, herriz herriko dantza taldeekin eta eskolekin elkarlanean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide