Elkartegintzari aitortza eginez

Elkar+ekin Gara ekimenaren aurkezpeneko irudia. (EIBE)

Euskal Herriko elkarteen eta boluntarioen lana aitortu nahi du EIBE elkarteak Elkar+ekin Gara ekimenarekin. Elkartearen presidentea Unai Lizaso zestoarra da, eta elkarteko kidea Asier Altuna azkoitiarra.

Elkarteen lanari balioa emateko, horiek zaindu eta berrikuntza ardatz izanik, herritarron parte hartzea sustatzen duen elkartea da EIBE Elkarteen Ikerketa eta Berrikuntzarako Ekosistema elkartea. Urrats bat egin nahi du orain EIBEk, eta Elkar+ekin Gara ekimena aurkeztu du. "Elkarteek eta boluntarioek herria zaintzen dute, eta ohartu ginen zeinen garrantzitsuak diren herrietan. Norbere buruaz gain, egunero komunitatea zaintzeko eta hobetzeko lana egiten dute elkarteek eta boluntarioek. Kezka horretatik sortu zen EIBE elkartea, eta ondoren abiatu dugu ekimen berri hau", azaldu du Unai Lizaso (Zestoa, 1975) EIBE elkarteko presidenteak.

Elkar+ekin Gara ekimena elkartegintzaren aldarrikapena egiteko "lehen pausoa" besterik ez dela nabarmendu du zestoarrak. Lizasoren arabera, hiru helburu ditu ekimenak: "Batetik, elkartegintzaren garrantzia aitortzea nahi dugu; elkarte desberdinak ditugu inguruan. Egunero parte hartzen dugu elkarteren batean, baina ez gara kontziente zenbateraino eragiten duten gure bizitzetan. Egun ezagutzen ditugun auzoak eta herria ez lirateke berdinak izango ehunka elkarteren eta milaka boluntarioren lanik gabe", azaldu du Lizasok. Elkarteko presidentearen arabera, gainera, elkarte guztiek egiten duten lana “komunitatea hobetzeko” izaten da, hala nola eskubideak irabazteko edo hizkuntza hobetzeko. "Komunitatearen bizitza hobetzea da elkarte guztiek duten helburua".

Aldarrikapenaren bidean

Ekimena bi norabidetan bideratuko du EIBE elkarteak: aldarrikapena eta hausnarketa. Elkarteen lana aldarrikatzea edo lanari aitortza egitea da Lizasok eta lantaldeak duten lehen helburua. Era berean, elkarteen zaintza eta formakuntza aldarrikatu nahi dituzte. "Elkarteetan liberatutako langileak daude, eta hori ere ona da. Gehiengoa, ordea, boluntarioa da, eta jende horrek formakuntza behar du. Erakundeek beste zenbait arlotako langileei formakuntza eskaintzen dieten moduan, iruditzen zaigu boluntarioak ere formatu egin behar direla. Elkarteak eta bertako boluntarioek jende askorekin dute harremana egunero". Bestalde, elkarteetan parte hartzeko deia zabaldu nahi dute jendartean. "Imajinatzen al duzu pertsona bakoitzak gustukoa duen arloren batean astean ordu eta erdi eskainiko balitu? Zer egiteko gai izango ote ginateke horrela egingo bagenu?", galdetu du Lizasok.

Elkartegintzaren eta boluntarioen lanaren aldarrikapena dantzaren bitartez egingo du EIBE elkarteak. "Iruditzen zaigu aldarrikapena egiteko modu desberdinena eta alaiena dantza dela. Euskal Herrian saretuta daude dantza elkarteak, eta ekimeneko hiru helburuen aldarrikapena egiteko, 10.000 pertsona jarri nahi ditugu dantzan Euskal Herriko 50-70 herritan". Dantza egiteko, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak abestia hautatu dute. Olatz Salvador abeslariarekin eta Bihotz taldearekin grabatu dute kantua, eta Aritz Salamanca dantzariaren laguntza jaso dute; hura ari da koordinazioaz arduratzen. "Mikel Laboaren abestiak oso mezu polita zabaltzen du, eta oso lotura estua du aldarrikatu nahi ditugun helburuekin. Elkarteek eta boluntarioek egiten duten lanarekin ere zerikusia du aukeratu dugun kantak".

Hausnarketa lana

Elkarteen eta boluntarioen lanari aitortza egiteaz gain, EIBEk sektorearen inguruko hausnarketa egin nahi du. Elkarte eta eragile desberdinekin bilerak egiten ari dira elkarteko kideak. Horretarako, Elkarte Lab hausnarketa gunea jarri dute martxan. Elkarteek dituzten kezkak, beharrak eta zalantzak izango dituzte hizpide gune horietan. "Elkarteak eta boluntarioak zein egoeratan dauden jaso behar dugu, baita pandemiak elkarteetan zer eragin izan duen ere". Aurrera begira, hausnarketa guneak egonkortu nahi ditu EIBEk, "pare bat bilera" egiteko.

Finean, hausnarketa gune horien bitartez elkarteek dituzten kezka eta arazo komunak detektatu nahi dituzte. "Elkarte batzuk ondo egituratuta daude, baina horietan guztietan dituzten behar komunen falta sumatzen dugu. Eginkizun guztiz desberdina duten elkarteen beharrak planteatzeko edo hausnartzeko gune baten premia dagoela iruditzen zaigu".

Bide berean, ikerketa eta berrikuntza dira jopuntuan dituzten beste bi arloak. "Herri hau desberdina da inguruko beste herrien ondoan. Baditugu abantaila batzuk besteekiko, baina landu eta zaindu egin behar da egiten duguna, baita huts egiten ari dena aztertu ere, guztia ez baita perfektua. Hobetzea da asmoa, eta teknologia berriak erabiltzeko tresna berriak garatu behar ditugu. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu tresnak eta aplikazioak izatea. Zergatik ez dizkiegu eskainiko baliabide horiek elkarteei?". Gizartea "aldatzen" ari dela eta, erreleboaren eta antolaketaren inguruan ere badituzte kezkak EIBE elkartean. "Ikusi beharko dugu gure herriaren garapenerako garrantzitsua den edo ez. Erreleboa ematea gero eta gehiago ari da kostatzen elkarteetan, eta hori ere ikertu beharreko kontua da. Baita emakumeen parte hartzea, ordutegiak edota bilerak egiteko moduak ere. Badago zer pentsatu eta zer aztertu. Etorriko den olatu handiaren lehen agerpena da Elkar+ekin Gara ekimena".

Euskal Herrian eragile mota desberdinak daudela dio Lizasok. "50-60 elkarte mota ditugu; erabat anitza den elkartegintza dugu". Proiektu desberdinak ari dira garatzen EIBEko kideak; horietako bat da elkarteen azoka. "Hainbat erakunderekin eta fundaziorekin azoka erreferente bat sortu nahian ari gara, elkartegintzari bultzada emateko, data nahiz gune erreferentzialak izateko, elkar ezagutzeko eta esperientzia zein praktika onak elkartrukatzeko. Beste ideia potoloren bat ere badugu, baina momentuz ezin dugu aurreratu".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide