Epelde soinu jotzaileak omenaldi beroa jaso du gaur San Jose trikiti jaialdian

Nerea Uranga 2022ko mar. 12a, 22:53

Tomas Soraluze Epelde trikitilari azkoitiarrak trikitizaleen, trikitilarien eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen omenaldia jaso du gaur arratsaldean Azpeitiko Soreasu antzokian egin den San Jose trikiti jaialdian.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak prestatuta egitarau oparoa izan du gaur arratsaldean Azpeitiko Soreasu antzokian egin den San Jose trikiti jaialdiak. Martittetarrak eta Jauregi, Elustondo anai-arrebak, Izer eta Alabier, Monttetarrak, Epelde anaiak, Itzeder eta Txibilter nahiz Xabier Zabale, Berastegi eta Lutxurdiok jotako trikiti piezek osatu dute emanaldia. Horiez gainera, jaialdiko protagonista eta omendua izan den Tomas Soraluze Epelde soinu jotzaile azkoitiarrak pare bat pieza jo ditu Lutxurdiorekin batera, eta anai-arrebak ere izan ditu lagun panderoarekin agertokian. Jaialdiko parte hartzaile guztiak banan-banan aurkezteko lanak, berriz, Laxaro Azkunek egin ditu.

Piezarik pieza giro beroa sortu da trikitizalez goraino bete den Soreasu antzokian, eta jendartean irrintziak bota dituenik ere izan da. Jaialdian parte hartu duten guztiek nabarmendu dute Epelderen soinua jotzeko abilezia eta izaera lagunkoia, batzuek kantuan eta beste batzuek hitzen bidez azaldu diote soinu jotzaile azkoitiarrari dioten estimua; gainera, jaialdiko parte hartzaileen gehienak herrikideak edota auzotarrak (Martitekoak) izan ditu. Besteak beste, Izer eta Alabierrek nahiz Itzeder eta Txibilterrek trikitilariari zuzendutako kantuak jo dituzte; aurreneko bikotearen kasuan, Epelderen berezko "irriparra" nabarmendu dute. Trikitilari askorekin ibilitakoa da Epelde, eta berak haiengan utzitako arrastoa nabarmendu da gaurko San Jose trikiti jaialdian. Soinua eta panderoa ez ezik, dultzaina eta danborra ere entzuteko aukera izan da gaur: Azkoitiko monttetarren azken hiru belaunaldiko ordezkariak igo baitira Soreasuko agertokira.

Jaialdiaren bukaeran igo da Epelde agertokira, eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen oroigarria jaso du elkarteko presidente den Agurtzane Elustondok emanda. Segidan, jaialdia antolatzen dutenen aldetik, txapela jaso du soinu jotzaile azkoitiarrak, eta txapelik kendu gabe jo du soinua, Lutxurdio panderoarekin lagun zuela. Omenduak ezusteko ederra ere jaso du, harekin batera trikiti pieza bat jotzeko, oholtzara igo direnean haren bi anai, bi arreba eta ilobetako bat panderoa hartuta. Horrez gainera, iloba txikietako hiruk aurreskua dantzatu diote. Bukatzeko, Madrildik etorritako Antonio Moreno artistak bere erretratu bat oparitu dio omenduari, eta emozio handiz hartu dio oparia Epeldek.

(Argazkiak: Ibon Errazu eta Nerea Uranga)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide