Epelde trikitilaria

Tomas Soraluze: "Inguruan ez daude nirekin jo ez duten soinu jotzaile asko"

Urtzi Oteiza eta Anartz Izagirre 2022ko mar. 11a, 09:50

San Jose trikiti jaialdia egingo dute bihar Azpeitian, eta Tomas Soraluze Epelde (Azkoitia, 1945) omenduko dute emanaldian. Biharko "urduri" dagoela aitortu du Martirietako trikitilariak.

Bihar Azpeitian egingo den San Jose trikiti jaialdian omenaldia egingo dizute. Nola hartu duzu albistea?

Lehenengotik ezezkoa eman nuen, baina gero pentsatzen egon nintzen aurrez ere egin izan dizkidatela omenaldiak, eta beste batengatik alde handirik ez nuela igarriko. Azkenean, joango naizela agindu nien. Halako gauzek beti ematen didate kezka apur bat, urduri jartzen naizen pertsona klasea bainaiz.

Zer-nolako garrantzia du zuretzat San Jose trikiti jaialdiak?

Jaialdi ona da. Joan zen urtean San Jose trikiti jaialdiaren bi saio egin zituzten: bat arratsaldean eta bestea iluntzean. Aurreneko edizioak ez dakit non egin zituzten, baina edizio batzuetan Azpeitiko frontoian eta kiroldegian ere egin izan zituzten jaialdiak. Orain Soreasura lekualdatu dute, han 500 bat lagun sartzen baitira. Aurtengoan, sarrera guztiak hiru egunetan agortu dira. Halakoak pasatzen dira.

Jendea trikitia entzuteko gogoz dagoen seinale al da hori?

Alde batetik, bai. Hirugarren egunerako sarrera guztiak agortuko zirenik ez nuen berehalakoan pentsatuko, eta esango nuke jendeak trikiti gose antzeko zerbait duela. Hori oso seinale ona da, baina jaialdira joan nahi duten batzuk sarrerarik gabe gelditzeak pena ematen dit. Jende askok ezagutzen nau ni, leku askotan ibili bainaiz trikitia jotzen, eta horrek ere eragingo zuela iruditzen zait. 

Nolakoa ikusten duzu etorkizuna trikitiarentzat?

Soinuak badu etorkizuna. Gazte askok jotzen dute trikitia, eta orain, gainera, emakume askok. Hori oso seinale ona da; izan ere, gu gazteak ginenean, Bizkaian-eta ikusten ziren emakume trikitilariak eta pandero jotzaileak, baina hemen inor ez. Orain emakume trikitilari asko daude, baina ez dakit gizonak beldurtu egin diren edo zer [barrez]. Soinu aldetik ondo ikusten dut egoera, baina dantzari aldetik, agian, ez hain ondo. Gaur egun gazteak beste dantza estilo batzuetara ohitu dira. Gu erromerian hasi ginenean, auzo honetan [Martirieta], ez zegoen besterik, eta, orain, ez dago horrelakorik. Azkoitian ere bazen plazan kiosko handi bat, eta han egin behar izaten zen dantza; gero, ordea, bota egin zuten kioskoa. Gauzak aldatzen doaz.

Jaialdiaren aurkezpenean "autodidakta" izan zarela azpimarratu zuen Ibon Errazu jaialdiaren antolatzaileak. Nola sartu zinen trikitiaren munduan?

Urte asko dira. Santa eskeko egun batean hasi nintzen, 8 urte-edo nituela, ahoko soinuarekin. Gure baserriaren inguruan baziren beste lauzpabost baserri, eta gero, han hasi nintzen trikitiarekin, 11 urterekin edo; baserri haiek pasatu eta Aizpurutxo aldera joaten ginen. Santa eskean ez nuen hutsik egiten; soldadu nengoen urtean soilik falta izan nintzen. 37 urtez aritu nintzen santa eskean.

Familia ere trikitiaren mundukoa duzu.

Bai. Gure aita trikitilaria zen, eta hark soinua zuelako hasi nintzen ni ere jotzen. Lehenengo anaia zaharra hasi zen horretan, eta haren atzetik, ni. Itxura denez, anaia pasatu egin nuen, eta, gero, panderoa hartu zuen hark. Gero anaia gaztea ere hasi zen. Nik beti neure kasa ikasi izan dut trikitia jotzen, aitari ez nion sekula kasurik ere egin. 

Eta zeintzuk izan dira zure erreferente nagusiak?

Hilda daude denak. Laja da horietako bat, harekin leku askotan ibili bainintzen ni. Zarautzen makina bat aldiz egondakoak gara jotzen. Inguruan ez daude nirekin jo ez duten soinu jotzaile asko, eta niretzat, bakarrik baino hobea da besteekin jotzea. Larrañagarekin ere hasi ginen diskoak ateratzen lau lagun edo, eta orduantxe aritu ginen ondoen, beti erromerietara joaten baikinen. Gogoratzen naiz garai batean goizean goizetik joan behar izaten genuela erromerietara; 10:00etatik 03:00 aldera arte aritzen ginen. Akordatzen naiz urte batean hamalau egun segidan egin genituela soinua jotzen. Lehen festa egiten zen leku asko, ordea, galdu egin dira jada.

Plazak utzi zenituen orain dela urte batzuk. Izan al duzu berriro bueltatzeko tentaziorik?

Ez, ez. Aspertu egin nintzen. Gipuzkoan eta Bizkaian ez da egongo nik pasatu ez dudan plaza askorik, eta mugaz bestalde ere aritzen ginen jotzen. Eta ba al duzu edo izan al duzu leku kuttunik? Aiako Aristerrazu. Hura da onena. Han oraindik ere erromeria onak egiten dituzte, eta jende asko biltzen da. Hara soinua jotzera joateak beti ematen zidan poza; izan ere, soinua jotzen ari zarenean, aurrean inor ez baldin baduzu, tristea da. Ohitu egiten zara horretara ere, baina aurrean jendea egotea beharrezkoa iruditzen zait. Garai batean Asteasu [Gipuzkoa] ere ez zen txarra, baina han galdu egin zen ohitura.

Zer eman dizu trikitiak urte hauetan guztietan?

Lehen trikitia jotzera joan eta kobratu egiten genuen. Hori ederra izaten zen, bestela ez dago-eta jotzen aritzerik. Ni Landetan aritu nintzen lanean, Marcial Ucinen, baina 32 urtetik 46 urtera bitartean soinuarekin bakarrik ibili nintzen; makina bat leku pasatu nituen orduan. Soinuarekin bakarrik gaur egun ez dago bizitzerik, ordea; garai hartan apur bat errazagoa zen, neguan ere erromeriak egiten baitziren hainbat txokotan, eta orain, ez. Aristerrazu bakarrik gelditzen da.

Entzuleek izango al dute bihar zu trikitia jotzen entzuteko aukerarik?

Antolatzaileek jardun zuten fandangoa eta arin-arina jotzeko eskatzen, baina esan nien nik honezkero banuela nahi dudana egiteko adina [barrez]. Ez dakit zer egingo dudan. Joko dut zerbait, agian, oso urduri ez banago behintzat. Bestela jaialdira joaten direnek galdetuko dute ea zertara eraman nauten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide