Astelehenean zabalduko dituzte supersprint duatloiko bi probetan izena emateko epeak

Nerea Uranga 2022ko mar. 12a, 15:39

2019ko duatloi herrikoiko irudia.

Azkoitiko Duatloiaren barruan, helduen hiru duatloi proba jokatuko dira apirilaren 30ean, larunbatarekin. Eguerdian jokatuko diren supersprint modalitateko duatloi egokiturako eta herrikoirako (federatu gabeena) astelehenean, martxoaren 14an zabalduko dituzte izena emateko epeak.

Azkoitrik astelehenean, martxoaren 14an, zabalduko ditu apirilaren 30ean jokatuko diren supersprint duatloi modalitateko bi probetan izena emateko epeak. 12:30ean hasita jokatuko da duatloi egokitua eta 12:35ean federatu gabeen duatloi herrikoia, Azkoitrik antolatuta.

Supersprint modalitaterako izen-ematea epea ireki eta aurreneko zazpi egunetan 10 euro kostatuko da. Ondoren, apirilaren 18ko 23:59ak arte 15 euro, eta gero, probaren aurreko azkenengo astean, apirilaren 25eko 23:59ak arte 20 euro. Apirilaren 25etik aurrera ezin izango da izenik eman. Izena RockTheSport atarian eman behar da.

Supersprinteko ibilbidea erabat aldatuta

Bi proba horietan distantzia eta ibilbide bera izango dituzte: aurrena, herriko plazatik irten eta Altzibar aldera artean bi bira egin beharko dituzte korrika, 1,5 kilometro osatuz; segidan, Juin industrialdera eta Ugarte Igaraneko igerileku ondotik pasatuz bi bira egingo dituzte bizikletaz; eta bukatzeko, korrika herriko plazatik Altzibar aldera bira bakarra egingo dute. Azkoitrik azaldu duenez, aurreko edizioekin alderatuta ibilbidea "erabat" aldatu dute. "Arrazoi bakarra izan da ibilbidea aldatzeko erabakia hartzeko: duatloi egokitukoei parte hartzeko aukera zabaltzea. Aurtengo ibilbidea guztiz laua da", azaldu du ibilbidea aldatzeko erabakiaren nondik norakoa Azkoitrik.

Duatloi Motzeko izen-ematea otsailetik zabalik

Otsailaren bukaeran zabaldu zuten Azkoitiko Duatloiko proba motzean izena emateko epea eta apirilaren 25era bitartean, RockTheSport atarian eman ahalko da izena. Gehienez 250 lagunek eman ahalko dute izena proba apirilaren 30ean jokatuko den proba horretan. 16:30ean hasiko da emakumeen duatloia, eta 16:45ean, berriz, gizonena.

Izen-ematearen prezioa desberdina izango da dataren arabera. Apirilaren 18ra bitartean 30 euro balio du izen-emateak; eta egun horretatik apirilaren 25era, aldiz, 35 euro.

Aurten, distantzia motzeko formatua berreskuratu du Azkoitri triatloi klubak, eta hori horrela, guztira 55 kilometroko ibilbidea osatuko dute parte hartzaileek: 10 kilometro korrika, 40 kilometro bizikletan eta beste bost kilometro korrika.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide