Karnabalak 2022

Ohiko mozorro lehiaketa eta musika ekitaldiak izango dira aurten karnabaletan

Anartz Izagirre 2022ko ots. 16a, 12:12
2020ko haurren desfileko irudi bat. (Anartz Izagirre)

Ostiralean, hilak 25, bi disko festa izango dira: Oihan Vegarena 17:00etan, plazan, eta DJ Xabi Festena 21:30ean, Elkargunean. Bestalde, aurten kalean mozorro desfilerik ez egitea erabaki dute ikastetxeek, baina eskola barruan egingo dute festa. Zapatuan ere musika ekitaldiak eta jai giroa izango dira protagonista, eta mozorro lehiaketaren sari banaketa 21:00etara aurreratu dute. Zabalik dago izen-ematea.

Astebete pasatxo falta da karnabaletarako, eta Labiren erabakia jakin ondotik, Azkoitiko Udalak joan zen ostiralean jakinarazi zuen jaietako prestatuta zuten egitarauari osorik eutsiko ziotela. Gaur, asteartea, eman du erakundeak festen egitarauaren berri, eta aldaketak aldaketa, ohiko giroa nagusituko da herrian.

Ikastetxeetako kideek mozorro desfilerik ez egitea erabaki dute aurten, eta, beraz, kalean beharrean eskoletan egingo dute mozorro festa; halere, ostiralean, hilak 25, gaztetxoentzako disko festa izango da plazan Oihan Vegarekin, 17:00etan hasita. Urte luzez udalak askaria banatu izan die desfilean ateratzen ziren umeei, baina aurten zuzenean ikastetxeetara eramango dute janaria. Horrez gain, ostiralean DJ Xabi Festen disko festa izango da gaztetxoentzat, Elkargunean, 21:30etik 23:30era. Artxamendi Topalekuak antolatu du ekitaldia, eta 13-17 urte bitarteko gaztetxoentzat izango da; gainera, mozorro lehiaketa eta sariak izango direla ere iragarri dute.

Zapatuan, berriz, goizean goizetik nagusituko da festa giroa herriko kaleetan zehar. Hasteko, kalejiran ibiliko dira eguerdian Txalkor Txistulari Taldea batetik, eta Udal Musika Banda zein Bizkargi Musika eta Dantza Eskolako kideak bestetik. Arratsaldean, berriz, Joselu Anaiak musika taldearen emanaldia izango da plazan, 18:00etatik 21:00etara bitartean. Horrez gain, DJ Xabi Festek berriro ere disko festa eskainiko du gaztetxoentzat Elkargunean, 22:00etatik gauerdira arte. Karnabaletako egitaraua borobiltzeko, berriz, Kantu Kolore taldearen Peru Krokodiloa ikuskizuna eskainiko dute zapatuan, 17:00etan, Baztartxo antzokian. Sarrerak salgai egongo dira gaurtik Gazte Zerbitzu Bulegoan, hiru euroren truke; 17:00etatik 19:00etara eskuratu ahal izango dira. Txartelak agortzen ez badira, egunean bertan jarriko dituzte salgai Baztartxo antzokiko leihatilan.

Mozorro lehiaketan, aldaketak

Bestalde, dagoeneko zabalik dago zapatuko mozorro eta tabernen apainketa lehiaketan izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek otsailaren 25a baino lehen eman beharko dute izena, udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan. Partaideek zapatuan 19:30etik 20:30era eliz ataritik pasatu beharko dute epaimahaiak beren mozorroak baloratu ditzan. 

Horrez gain, sari banaketa ekitaldian aldaketak iragarri ditu udalak. Joan diren urteetan gauerdian egin izan dute ekitaldia, baina aurten 21:00etara aurreratu dute, egokiagoa dela iritzita.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide