Karnabalak 2022

Karnabalak, aurrera

Andoni Elduaien 2022ko ots. 11a, 11:59

Udaletxean ordezkaritza duten alderdietako kideek asteazkenean egin zuten Aisialdi batzordea, eta gaur iragarri dute udalak osorik eutsiko diola karnabaletako egitarauari. Urteko jairik koloretsuenez gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Hamabost egun eskas gelditzen dira aurtengo karnabaletarako. Otsailaren 25ean, ostirala, eta hilaren 26an, larunbata, ospatuko da Azkoitian mozorroen festa, eta udalak karnabaletako egitarauari osorik eustea erabaki du.

Labi batzordeak osasun larrialdi egoera indargabetu zuen atzo, eta hori horrela izanda, Azkoitiko Udalak inauteriak ospatzea erabaki du. Asteazkenean egin zuten udaletxean Aisialdi batzordea, eta han erabaki zuen festetarako ekintzak antolatzea.

Erakundeak adierazi du astelehenean jakinaraziko duela aurtengo karnabaletarako prestatu duten egitaraua. Hala eta guztiz ere, mozorro eta tabernen apainketa lehiaketa egingo direla aurreratu du; horietarako izen-ematea astelehenean zabalduko da. Parte hartu nahi dutenek hilaren 25a baino lehen eman beharko dute izena udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide