Karnabalak 2022

Asteazkeneko Aisialdi batzordean erabakiko du udalak karnabalak ospatu edo ez

Andoni Elduaien 2022ko ots. 7a, 12:22

2020an ospatu ziren azkenekoz karnabalak Azkoitian. (Anartz Izagirre)

Asteazkenean 18:00etan egingo du Azkoitiko Udalak Aisialdi batzordea, eta han erabakiko dute karnabaletarako ekintzak antolatu edo ez.

Azkoitiko Udalak ez du erabaki oraindik karnabalak ospatu edo ez. Erakundeak Maxixatzen.eus-i adierazi dionaren arabera, datorren asteazkenean, otsailak 9, Aisialdi batzordea egingo du erakundeak, eta mahai gainean karnabalak izango dituzte hizpide. Batzarrean erabakiko dute inauterietarako ekintzak antolatu edo ez.

Izatez, otsailaren 25ean eta 26an ospatuko dira karnabalak Azkoitian, baina ikusteke dago Eusko Jaurlaritzak otsailaren 13ra arte indarrean dituen neurri murriztaileak bertan behera utziko dituen edo ez. Horren baitan, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariak asteazkeneko 18:00etan bilduko dira udaletxean, karnabalak egin edo ez erabakitzeko.

Umeen desfilerik ez

Karnabaletan egingo ez dena herriko ikastetxeetako haurren mozorro desfilea da. Karnabaletako ostiral arratsaldean desfilea egin ohi dute herriko ikastetxeetako kideek musikak eta txarangak lagunduta, baina aurten desfilea ez egitea erabaki dute alde guztiek, ikastetxeetako burbuilak errespetatzeko. Hala eta guztiz ere, udalak jakinarazi du plazan banatu ohi duten merienda ikastetxeetan bertan banatuko dutela.