Osakidetzaren protokolo aldaketa medio, nabarmen jaitsi da intzidentzia tasa astebetean

Maria Maya Manterola 2022ko urt. 20a, 16:01

Datuek apaltzera egin dute, baina intzidentzia tasaren jaitsiera ez da kasu kopuruen jaitsieraren adierazle, Osakidetzak COVID-19a detektatzeko protokoloa aldatu baitu. Hego Euskal Herrian 2.816 kasu positibo zenbatu zituzten atzokoan.

Nabarmen jaitsi da kasu positibo kopurua Urola Kosta eskualdean. Hala baieztatu du Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren bilakaeraren berri emateko plazaratutako txostenak: duela astebete 1.180 kasu positiboren berri eman zuten; gaur, 688 izan direla jakinarazi dute. Intzidentzia tasek ere beheranzko joera hartu dute, baina aipatzekoa da COVID-19a detektatzeko Osakidetzaren protokolo aldaketak datu horietan izan dezakeen eragina. Izan ere, urtarrilaren 10ean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi zuen botiketako testetan positibo ematen dutenei beste probarik ez dietela egingo, kontaktu estu zaurgarrien kasutan salbu. Beraz, intzidentziaren jaitsiera ez da kasu kopuruen jaitsieraren adierazle. 

Azkoitian, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 9.229,74tik 5.574,56ra jaitsi da astebetean eta 116 kasu positibo zenbatu dituzte –43 astelehenean, 38 asteartean eta 35 atzo–. Hala eta guztiz ere, Zarautz izan da kasu positibo gehien zenbatu duten eskualdeko herria. Guztira, 208 kasu baieztatu dituzte han, eta 5.152,70eko intzidentzia tasa dute –6.596,14koa zen duela astebete–. Azpeitian, berriz, 4.868,59koa da tasa, duela astebetekoarekin alderatuta, ia erdia –8.173,46 zen orduan–. Herri horretan 108 kasu izan dituzte azken hiru egunetan.

100 positibotik beherako langatik dago Orio (83); 6.099,15tik 5.218,53ra jaitsi da tasa astebetean. Nabarmena izan da tasaren jaitsiera gainerako herrietan ere: Zumaian (73) 7.743,97tik 4.813,27ra, Getarian (28) 8.445,23tik 5.795,05era, Aian (19) 6.952,14tik  5.289,67ra eta Errezilen (lau kasu positibo) 5.475,04tik 3.864,73ra. Beizaman ez dute kasu bakar bat ere zenbatu, baina 4.032,26ko intzidentzia tasa dute –5.645,16koa zen joan den ostegunean–. 

2.816 positibo, Hegoaldean

Hego Euskal Herrian ere apaltzera egin dute datuek. Izan ere, 2.816 kasu positibo zenbatu zituzten atzo lau lurraldeetan; duela astebete, ostera, 12.058 izan ziren. Erietxeetako datuek zertxobait hobera egin dute. Gaur gaurkoz, 718 paziente daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan. ZIUetan, berriz, 122 pertsona daude, duela astebete baino hamalau gutxiago. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, berriz, lurralde horretan 276 pertsona daude erietxeetan, horietatik 37 ZIUetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide