Eguneko Zentroa itxi eta egoiliarrak isolatu dituzte San Josen COVID-19aren agerraldi bat tarteko

Mailo Oiarzabal 2022ko urt. 7a, 15:05
San Jose egoitza.

Zentroaren arduradunek ez dute zehaztu kopurua, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak eguneratu berri dituen datuen arabera, 11 positibo daude egoiliarren artean, eta horietatik hamar astelehenetik aurrerakoak dira. Ondorioz, egoiliar guztiak beren geletan isolatu dituzte eta eraikineko lehen solairura eraman dituzte positibo emandakoak. Solairu horretan dagoen Eguneko Zentroa itxita dago asteazkenetik, eta zerbitzu horren erabiltzaileen senide batzuk kexu azaldu dira egoeraren kudeaketarekin.

San Jose egoitzako hainbat egoiliarrek positibo eman dute azken egunetan COVID-19a atzemateko probetan, eta egoiliar guztiak, tutelatutako etxebizitzetako erabiltzaileak barne, konfinatuta daude gaurtik. Maxixatzenek jakin duenez, atzo jakinarazi zieten neurria egoiliarrei. Atzo bertan antigeno probak egin zizkieten erabiltzaile guztiei, eta gaurtik beren geletan isolatuta daude, kutsatzeen hedatzea saihesteko.

Zentroko arduradunek ez diote agerraldi berriaren gaineko informaziorik eman Maxixatzeni, eta ez dute zehaztu zenbat egoiliarrek eman duten positibo. Baina Gipuzkoako Foru Aldundiak duela gutxi eguneratu ditu lurraldeko egoitzetako datuak: 11 positibo daude Azkoitiko egoiliarren artean, eta horietatik hamar astelehenetik aurrerakoak dira San Joseko egoiliarren iturriek jakinarazi dutenez, positibo eman ez dutenak beren geletan isolatzeaz gain, egoitzako lehen solairura eraman dituzte positibo eman duten egoiliar guztiak, han artatzeko.

Eguneko Zentroa, itxita

Hain zuzen ere, lehen solairu horretan dago Eguneko Zentroa, eta zerbitzu hori itxi egin dute. Eguneko Zentroko erabiltzaileen senide batzuek azaldu dutenez, astearte arratsaldean jaso zuten San Josekoen deia, lehen solairua positiboak artatzeko behar zutela eta asteazkenetik aurrera zentroa itxita egongo zela jakinarazteko.

Senide horiek kexu agertu dira egoeraren kudeaketarekin eta horrek eragindako ondorioekin. Egoiliarrentzat ez bezala, Eguneko Zentroaren erabiltzaileentzako "kontingentzia planik ez" dagoela salatu dute. "Norbaiti burutik pasatu al zaio pertsona hauek zergatik duten zerbitzu horren beharra? Eta berriz azpimarratu nahiko genuke beharra dela, eta ez kapritxo bat", diote. Hamabost erabiltzaile ditu gaur egun Azkoitiko Eguneko Zentroak.

Aipatutako senideek kontatu dutenez, zerbitzuaren arduradunek erabiltzaileen senideei esan diete datorren astelehenean jarriko direla harremanetan beraiekin, "zer behar ditugun aztertzeko eta etxez etxeko zerbitzua orduka eskaintzeko". Kexua zabaldu duten senideentzat, ordea, "urgentziazko txapuza" bat da behin-behineko irtenbide hori; arreta murrizteaz gain, erabiltzaileek etxez etxeko zerbitzua garestiago ordaindu beharko dutela azaldu dute, "pentsiodun batentzat izugarrizko esfortzua da hori". Zerbitzua egokitu bitartean, gainera, salduta daudela nabarmendu dute: "Asteartea bitartean norekin utziko ditugu gure senideak? Bakarrik? Uste duzue erabiltzaile hauek etxean bakarrik moldatzeko gai balira Eguneko Zentroaren beharra izango luketeela? Ez dugu ordukako zerbitzua behar, eguneko zerbitzua baizik".

Kudeatzaileen eta arduradun politikoen erantzukizun eza ere kritikatu dute senideok. "Egoitza, udala, Biharko, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, denak eta inork ez ardurarik. Batak besteari pilota, baina erantzunik ez senideoi", diote, "beste behin kudeaketa egokiaren falta agerian" gelditu dela nabarmenduta, eta "erantzunak" eskatu dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide