38 positibo zenbatu dituzte herrian azken lau egunetan

Amaia Urbieta 2021ko aza. 29a, 14:20

Azken zazpi egunetan 65 positibo atzeman ditu Osakidetzak Azkoitian eta intzidentzia tasak gora egin du joan den astetik: 550,78koa zen ostegunean eta 784,44n dago gaur.

Astelehenetan ohi duenez, Eusko Jaurlaritzak gaur eman ditu ostegunetik igandera bitarteko COVID-19aren pandemiaren bilakaeraren datuak. Horien arabera, azken lau egunetan 38 positibo zenbatu dituzte Azkoitian; ostegunean hamabost hauteman zituzten, ostiralean 8, zapatuan 7 eta igandean beste 8. Azken zazpi egunetako kopurua kontuan hartuta, berriz, 65 positibo atzeman dituzte astebetean herrian. Hamalau eguneko 100.000 biztanleko tasak ere gora egin du: 550,78koa zen ostegunean eta 784,44n dago gaur.

Aurreko ostegunaz geroztik okerrera egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusaren bilakaerak, baita eskualdean ere. Urola Kostan, guztira, 307 positibo berri atzeman dituzte azken lau egunetan; horietatik 121, Azpeitian. Azken hilabetean gogor jo du pandemiak herri horretan, eta datuek gora egiten jarraitzen dute. Une honetan, 2.181,36ko intzidentzia du herriak.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ere okerrera egin dute datuek. Zarautzen nabarmen egin du gora intzidentzia tasak (762,41 tik 968ra), eta 67 positibo zenbatu dituzte azken lau egunetan. Orion ere Azkoitikoaren pareko tasa dute: 782,78koa da uneotan, eta azken lau egunetan 21 positibo berri zenbatu dituzte kostaldeko herrian. Apur bat apalago izan arren, Zumaian ere gorantz doaz datuak: 22 positibo berri zenbatu dituzte azken egunetan, eta 620,74ra igo da tasa.

Gainontzeko herriei dagokienean, hauek dira azken lau egunetako zenbakiak: launa kasu berri hauteman dituzte Aian eta Aizarnazabalen, bat Beizaman, bi Errezilen, hogei Getarian eta sei Zestoan.

ZIUetan 60 lagun Hego Euskal Herrian

Datu orokorrei erreparatuta ere okerrera egin du egoerak berriro. 471,56koa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa orokorra (duela astebete 321,59koa zen), eta positibotasun tasa %10,4koa da (egindako 6.389 probetatik 663k eman zuten positibo atzo). Ospitaleak, pixkanaka bada ere, gero eta beteago daude. Nafarroari dagokione, berriz, azken eguneko datuen arabera, jaitsi egin da positibotasun tasa %9,8ra, eta 202 lagunek eman zuten positibo igandean egindako 2.056 probetan.

214 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko erietxeetan koronabirusaren eraginez, azaro erdialdean baino 100 gehiago. Zainketa Intentsiboen Unitateetan, berriz, 47 lagun daude. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aurreko astean adierazi zuen ZIUen okupazioa 50 ohetara iritsiz gero aztertuko zutela berriz ere osasun larrialdi egoera ezartzeko aukera. Oraingoz ez da zifra horretara iritsi zainketa bereziak behar dituzten pertsonen kopurua, beraz, aurkakorik esan ezean, ez du neurri berezirik hartuko Jaurlaritzak momentuz.

Nafarroako erietxeetan 80 lagun daude ospitaleratuta, Osasunbideak emandako datuen arabera, eta hamahiruk behar dituzte zainketa bereziak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide