'Eukaliptoaren eragina gure lurretan' hitzaldia eskaini du Elkargunean Aitor Larrañagak

Anartz Izagirre 2021ko aza. 17a, 21:07

Hainbat herritar joan dira Elkargunera hitzaldia entzutera. (Anartz Izagirre)

Urola Bizirik natur taldeak antolatu du saioa, eta hainbat herritar joan dira hitzaldia entzutera. II. Natur Jardunaldietako ekintza gehiago izango dira datozen egunetan.

Eukaliptoaren eragina gure lurretan lelopean, hitzaldia izan da gaur, asteazkena, Elkargunean. Urola Bizirik taldeak antolatutako II. Natur Jardunaldien barruan izan da saioa, eta Aitor Larrañaga EHUko irakasle eta Biologian doktore denak eskaini du. Hainbat herritarrek parte hartu dute bertan.

Datozen egunetan ekintza gehiago izango dira. Azaroaren 20an eta 21ean, esaterako, Azkoitiko Kontzejupean argazki erakusketa egingo dute, bi egunetan 12:00etatik 14:00etara. 11 panel jarriko ditu natur taldeak pilotalekuan, eta bakoitzean gai bat azalduko dute, hala nola ibaietako zaborra, mendietako egoera, edukiontzien erabilera kaskarra eta kale edanaren ondorengo zaborra. Era berean, inguruan galtzeko arriskuan dauden natur guneen argazkiak ere erakutsiko dituzte, jendearen kontzientzian eragiteko asmoz. 

Azkenik, azaroaren 25ean, Lurgaia fundazioa eta Baso Biziak plataforma aurkeztuko dituzte Azpeitiko Azoka plazaren gaineko aretoan; aurkezpenak 19:00etan hasiko dituzte.