Urola Bizirik natur taldeak prest ditu II. Natur Jardunaldiak

Andoni Elduaien 2021ko aza. 14a, 09:19
Natur taldeko kideak, jardunaldien aurkezpenean. (Urola Bizirik)

Asteazkenetik hilaren 25era bitartean hitzaldiak, argazki erakusketak eta zenbait talderen aurkezpenak egingo dituzte Urola Bizirik natur taldeak antolatutako jardunaldietan.

Datorren astean abiatuko dira Urola Bizirik natur taldeak antolatutako II. Natur Jardunaldiak. Asteazkenean, azaroak 17, egingo dute lehen ekintza, eta hilaren 25ean amaituko dute. Aldi horretan, hitzaldiak, argazki erakusketak eta zenbait natur talderen aurkezpenak egingo dituzte Azkoitian eta Azpeitian.

Aurtengo ekintzak egiteko, lau egun hautatu ditu Urola Bizirik taldeak. Hala, datorren asteazkenean, Aitor Larrañaga EHUko irakasleak eta Biologia doktoreak Eukaliptoaren eragina gure lurretan hitzaldia eskainiko du Azkoitiko Elkargunean, 19:00etan.

Azaroaren 20an eta 21ean, bestalde, Azkoitiko Kontzejupean argazki erakusketa egingo dute, bi egunetan 12:00etatik 14:00etara. 11 panel jarriko ditu natur taldeak pilotalekuan, eta bakoitzean gai bat azalduko dute, hala nola ibaietako zaborra, mendietako egoera, edukiontzien erabilera kaskarra eta kale edanaren ondorengo zaborra. Era berean, inguruan galtzeko arriskuan dauden natur guneen argazkiak ere erakutsiko dituzte, jendearen kontzientzian eragiteko asmoz. 

Azkenik, azaroaren 25ean, Lurgaia fundazioa eta Baso Biziak plataforma aurkeztuko dituzte Azpeitiko Azoka plazaren gaineko aretoan; aurkezpenak 19:00etan hasiko dituzte. 

"Hazia" izateko helburuarekin

Urola Bizirik natur taldea 2019an sortu zen, ingurumen arloan eragiteko asmoz. Natur taldeak Urola eskualdera bideratzen du jarduera. "Gure udalerrietako ingurumena hobetzeko asmoz ekintzak egiten ditugu, bereziki arlo nagusi batzuetan, hala nola hondakinak, basoak eta ibaiak zein errekak". Naturkon Gipuzkoako talde ekologisten eta naturazaleen koordinadorako kidea ere bada Urola Bizirik.

Taldea "hazia" izateko helburuarekin sortu zen. "Hazia lur emankor batean ondo errotzen denean, zuhaitz handia bilakatzen da. Ingurumenaren babesa eta ekologismoa gure bizitzetan sartu behar direla sinesten dugu. Ekintza txikiekin bada ere, guztiok lagundu genezake naturaren, eta azken finean, planetaren egoera hobetzen".

Elkarlana dute oinarritzat, eta taldearentzat "ezinbestekoa" da lurraldeak kudeatzen dituzten erakundeekin, besteak beste, eskualdeko udaletxeekin, aldundiarekin eta mankomunitatearekin kolaboratzea. "Udaletxeetan eta diputazioan dauden egiturak aprobetxatu behar ditugu gure lanari, guztion lanari, indar gehiago emateko eta emaitza positiboetara iristeko. Hori bai, elkarlanak ez du inoiz mendekotasuna adierazi nahi".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide