Saharari elkartasuna adierazteko mobilizazioa izango da zapatuan

Anartz Izagirre 2021ko aza. 8a, 10:29
Sahararen alde iaz egindako elkarretaratzeko irudi bat. (Ihintza Elustondo)

Urtebete igaro da Marokok Mendebaldeko Sahararekin adostuta zuen su eten akordioa hautsi denetik, eta urtemuga horren harira, Saharari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea izango da zapatuan. 12:30ean izango da juntadizoa, plazan.

Datorren igandean, hilak 14, urtea beteko da Marokok Mendebaldeko Sahararekin 1991tik indarrean zuen su eten akordioa hautsi zuenetik eta Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuenetik. Gertaera horren harira hainbat mobilizazio egin ziren iaz Saharari elkartasuna adierazteko, eta urtebete geroago, elkarretaratzea deitu dute Azkoitian Juventud Activa Saharauik (JAS) eta Zumaiako Darahli Elkarteak.

12:30ean izango da elkarretaratzea plazan, eta Saharar herriarekin elkartasuna, giza eskubideak babestu lelopean, antolatzaileek Saharari elkartasuna adierazteko ekintzara batzeko deia egin diete herritarrei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide