Ekintzaz beteta dator bihar hasiko den Garapenean Bidelagun ekimen solidarioa

Andoni Elduaien 2021ko aza. 5a, 14:59
Gaurko aurkezpenean parte hartu dutenak, Garapenean Bidelagun egitasmoaren kartelarekin. (Andoni Elduaien)

Beningo kaleko umeen aldeko pintxo solidarioa eta bigarren eskuko denda izango dira lehen hitzordua, bihar, Kontzejupean. Horrez gain, dokumentalen nahiz filmen emanaldiak, erakusketak, azoka solidarioak eta irratsaioak egingo dituzte herrian abendura bitartean, garapenean dauden herrialdeei laguntzen dieten Euskal Herriko zenbait erakunderen eta talderen lana ezagutarazteko.

Bihar, larunbata, hasiko da Garapenean Bidelagun aste solidarioa Azkoitian. Garapen bidean dauden herrialdeei eta lurralde horietako herritarrei zenbait esparrutan laguntzen dieten gobernuz kanpoko bederatzi erakundek parte hartuko dute aurten, modu batera edo bestera, herrian egingo duten ekimen solidarioan. Darahli elkartea, Lumaltik Herriak, Munduko Begiak, AMS, SMH, Azkoitiko Misio Taldea, Gazteak eta Garapena, Behar Bidasoa eta ACOES erakundeetako ordezkariak udaletxeko bilkura aretoan elkartu dira gaur, ostirala, beren egitekoak zein diren azaltzeko, eta bide batez, bihar hasiko den Garapenean Bidelagun aste solidarioa aurkezteko.

Janire Igoa Azkoitiko Udaleko Gizarte zinegotziak azaldu du, egungo gizartea “gero eta indibidualistagoa” dela, eta kontsumismoak “gain hartu” diela herritarrei, baina badela bestela jokatzen duenik ere. “Bada jendea bere denbora eta ahalegina munduko bazter desberdinetan sufritzen ari direnei laguntzeko eskaintzen diena. Gizarte bezala horien lanari aitortza egitea dagokigu”. Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak 60.000 euro bideratzen ditu urtero garapen bidean dauden herrialdeetako bizilagunen bizi baldintza sozialak, ekonomikoak eta kulturalak hobetzeko.

Ekintza ugari

Talde guztiek azaroaren 28an azoka solidarioa egingo dute herriko plazan, lana herritarrei ezagutarazteko eta zenbait produktu saltzeko; 11:00etatik 13:30era egongo dira elkarteak plazako postuetan. Hala eta guztiz ere, ez da aste solidarioko ekintza bakarra izango; izan ere bihar, larunbata, Gazteak eta Garapena taldeak antolatutako pintxo solidarioa eta bigarren eskuko produktuen azoka egingo dute 10:30etik 14:00etara, Kontzejupean. Halaber, Alai Batzako kideek haurrentzako jolasak antolatuko dituzte goizean zehar.

Azaroaren 11tik 14ra bitartean, berriz, AMS Mundu Solidarioa Helburu taldeak Zubiak eraikitzen argazki erakusketa egingo du Elkarguneko Oteiza aretoan. Aniztasun funtzionala duten Debagoieneko eta Diriamba (Nikaragua) herriko pertsonen pandemia garaiko argazkiak erakutsiko dituzte. Hilaren 11n eta 12an, 17:30etik 19:30era irekiko dute aretoa, eta beste bi egunetan 10:30etik 12:30era.

Azaroaren 15etik abenduaren 13ra, berriz, Munduko Begiak taldeak Munduari begiak irekitzen erakusketa jarriko du azoka plazan; hilaren 23an, aldiz, elkarteak Gabor izeneko dokumentala eskainiko du Elkarguneko Oteiza aretoan, 19:00etan. Darahli elkarteak, ostera, zenbait egitasmoren berri eman du aurkezpenean. Azaroaren 13an, 12:30ean, Saharari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo du herriko plazan. Azaroaren 24an, aldiz, Ocupacion S.A. dokumentala eskaini eta ikus-entzunezkoaren solasaldia egingo dituzte Elkarguneko Oteiza aretoan, 18:30ean.

Abenduan ere garapen bidean dauden herrialdeetan laguntzen duten elkarteen lana gertutik ezagutzeko aukera izango da Azkoitian. Abenduaren 7tik 18ra, esaterako, Azkoitiko misio taldeak Bidezko Merkataritza denda irekiko du azoka plazan. Astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da irekita taldearen denda; larunbatetan, berriz, 10:30etik 13:00etara.

Abenduaren 1ean, Gazteak eta Garapena taldeak Libertad dokumentala eskainiko du Elkarguneko Oteiza aretoan. Ikus-entzunezkoa lau aldiz eskainiko dute, hain zuzen, 18:30ean, 19:00etan, 19:30ean eta 20:00etan. Abenduaren 10ean, SMH elkarteak Zuk izeneko dokumentala eskainiko du Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Aita Mari itsasontzian dauden boluntarioekin zuzeneko konexioa eta solasaldia ere egingo dituzte, 18:00etatik aurrera. Lumaltik Herriak elkarteak, aldiz, podcast saioa egingo du. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide