Pintxo solidarioak eta bigarren eskuko denda izango dira zapatuan Kontzejupean

Anartz Izagirre 2021ko aza. 3a, 09:32
Gazteak eta Garapena taldearen 2019ko pintxo solidarioko irudi bat.

Pintxoen salmentan eta bigarren eskuko dendan eskuratutako diru guztia Beningo Cotonou hiriko kaleko umeen aldeko salestarren proiektuetara bideratuko dute. Herritarrei ekintzetan parte hartzeko deia egin die Floreaga Ikastetxeko Gazteak eta Garapena taldeak.

Zapatu honetarako, hilak 6, hainbat ekintza antolatu ditu Floreaga Ikastetxeko Gazteak eta Garapena taldeak. Alde batetik, pintxo solidarioa dastatzeko aukera eta bigarren eskuko denda izango dira, eta, bestetik, Alai Batzako umeentzat jolasak jarriko dituzte. Ekintza guztiak Kontzejupean eta plazan izango dira, goizetik hasita.

Antolatzaileek adierazi dutenez, pintxoen salmentan eta bigarren eskuko dendan eskuratutako diru guztia Beningo Cotonou hiriko umeen alde salestarrek egindako proiektuetara bideratuko dute (Mama Margarita aterpea). Gazteak eta Garapena taldeak parte hartzeko deia egin die herritarrei, eta horrez gain, norberak etxean prestatutako pintxoak, tortilak, bizkotxoak, postreak eta antzerakoak eramateko ere eskatu diete. Horretarako, egunean bertan 10:00etatik 10:30era bitartean Kontzejupera agertu beharko da janariarekin. Bestalde, Azkoitiko elkarteei, harakinei, okinei eta tabernariei ere parte hartzeko deia egin diete.

Beningo zozketako txartelak erosteko aukera ere izango da zapatuan, eta antolatzaileek nabarmendu dute bestelako ekarpenak egiteko aukera ere izango dela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide