Beste egun bat kasu positiborik gabe

Aritz Mutiozabal 2021ko ira. 30a, 15:25

Intzidentzia tasa atzoko zenbateko berean mantendu da Azkoitian. Aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak bost puntu egin du behera, eta 73,46an kokatu da. Urola Kosta eskualdean zazpi kasu positibo hauteman dituzte, guztiak Azpeitian.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitara eman berri ditu asteazkeneko PCR eta antigeno proben emaitzak, eta Azkoitian atzo ere ez zuten kasu positibo bakar bat eta detektatu. Sei egun dira dagoeneko kasu positiborik zenbatzen ez dutela herrian. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, aldiz, herenegungo zenbateko berean mantendu zen atzo, hau da, 108,49an.

Eskualdean, berriz, zazpi kasu zenbatu dituzte, guztira. Zazpi horiek, ordea, Azpeitian atzemandakoak dira; azken hiru egunetan goraka doaz kutsatzeak udalerri horretan. Hala eta guztiz ere, eremu horian jarraitzen du Azpeitiak, nahiz eta intzidentzia tasak zertxobait egin duen gora: une honetan 177,40koa da –atzo 164,26koa–.

Urola Kostako gainerako herrietan ez dute kutsatze berririk detektatu, eta intzidentzia tasek eusteko joerari heldu diote. Azpeitiaz gain, 5.000 biztanletik gorako herrietatik beste hiru daude eremu horian: Zarautz –89,95; hainbat puntu beherakada izan du eta Zumaia –61,06. Oriok eremu berdean jarraitzen du, 48,92ko tasarekin. Beste herriei dagokienez, honako datuak dituzte: Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen zero, Getarian 35,34, Zestoan 154,08 eta Aian 503,78.

Hego Euskal Herrian

Atzoko datuei erreparatuz, Hego Euskal Herrian 8.193 PCR eta antigeno proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 114 izan ziren emaitza positiboa eman zutenak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasu gehien (49), eta, ondoren, Gipuzkoan (29), Nafarroan (hemeretzi) eta Araban (hamasei). Horrez gain, lurralde horietatik kanpoko pertsonak batek ere positibo eman zuen proban. Positibotasun tasa %1,4 da lau lurraldeetan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 86 pertsona daude ospitaleetan, eta horietatik 37 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, aldiz, 40 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik hamar daude ZIUn. Bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak bost puntu egin du behera, eta 73,46an kokatu da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide