Kasu positiborik gabeko asteburua

Amaia Urbieta 2021ko ira. 20a, 13:11

Herriko intzidentzia tasak behera egin du. 200eko langatik behera dago egun Azkoitiko zenbatekoa, baina aurreko astean bezala eremu horian jarraitzen du herriak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak ere behera egin du, 121,56ean kokatzeraino.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratutako txostenaren arabera, Azkoitian ez dute koronabirus kasu positiborik baieztatu azken hiru egunetan. Aurreko asteburuan lau positibo atzeman zituzten herrian, baina azken asteburuan ez da positiborik izan. Hori horrela, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak behera egin du Azkoitian. 208,63koa zen ostiralean zenbatekoa, eta egun 191,94koa da. Eremu horian jarraitzen du oraindik orain Azkoitiak. Aldundiak jakinarazitako datuen arabera, iazko martxoaz geroztik 1.741 kasu positibo hauteman ditu Osasun Sailak Azkoitian, eta hamar lagun hil dira herrian.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, hamasei koronabirus kasu atzeman dituzte denera azken hiru egunetan. Aurreko asteburuan 22 kasu atzeman zituzten, beraz, behera egin du kasu berrien kopuruak. Positibo gehien Zarautzen atzeman dute: sei –bat ostiralean, bi larunbatean eta hiru atzo–. Apur bat igo da herri horretako intzidentzia tasa, 132,78tik 141,35era. Azpeitian bost positibo zenbatu dituzte asteburuan –lau ostiralean eta bat atzo–, eta intzidentzia tasak ostiraleko bera izaten jarraitzen du: 249,67. Azpeitikoa da eskualdeko intzidentzia tasarik altuena.

Zumaian, berriz, hiru kasu atzeman dituzte asteburuan –bat ostiralean eta bi atzo–, eta intzidentzia tasak bere horretan jarraitzen du: 111,94an. Gainontzeko kasu positiboak Aian –ostiralean bat– eta Zestoan –ostiralean bat– hauteman dituzte. Urola Kostako beste herrietan, aldiz, ez dute positibo bat bera ere zenbatu azken hiru egunetan

Positibotasuna, %2ren azpitik

Nabarmen jaitsi da Hego Euskal Herriko positibotasun tasa azken datuen arabera. Osasun Sailak eta Osasunbideak jakitera eman dutenez, 4.882 proba egin ziren atzo, eta horietatik 79k eman zuten positibo. Zortzi positibo zenbatu zituzten Araban, hamar Nafarroan, 26 Gipuzkoan eta 33 Bizkaian. Hori horrela, %1,7koa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %1,3koa Nafarroan.

Ospitaleetako datuak ez dira horren onak, ordea. ZIUen okupazioak gora egin du larunbataz geroztik, eta gaur-gaurkoz, 52 dira COVID-19aren ondorioz zainketa bereziak behar dituzten pertsonak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Ospitaleratuta daudenak, berriz, 124 dira denera. Nafarroan, 48 pertsona daude koronabirusak eragindako gaixotasunengatik ospitaleratuta, eta ZIUetan, berriz, hamabi. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak berriz ere behera egin du, sei puntu oraingoan, eta 121,56koa da gaur-gaurkoz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide