Bitik bi Anaitasunarentzat

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 12a, 10:15
(Argazkia: Anaitasuna)

1 eta 4 irabazi zuten gorrixek Beti Gazteren zelaian Espainiako Hirugarren Mailako ligaren bigarren jardunaldian. Ander Arabaolazak (bi), Julen Aramendik eta Alex Rodriguezek egin zituzten Azkoitikoen golak.

Indartsu ekin dio Espainiako Hirugarren Mailako ligari Anaitasunaren gizonen talde nagusiak. Lehen bi jardunaldiak osatuta, jokoan zituzten sei puntuak patrikaratu dituzte gorrixek. Estreinakoan Txerloian Portugalete menperatu ondoren, atzo Beti Gazteren zelaian garaipen argia lortu zuen Xabi Artetxek zuzentzen duen taldeak, 1 eta 4.

Lehen zati borrokatuaren ostean, bigarrengoan agertu zuen bere nagusitasuna Anaitasunak. Partidako lehen minutuetan bi areatan izan zen mugimendua. Ander Arabaolazarena izan zen gorrixen lehen gerturaketa arriskutsua, baina Beti Gaztek izan zuen aukerarik garbiena hasiera horretan: Lesakakoen aurrelaria bakarrik gelditu zen Mikel Ruizen aurrean hamargarren minutuan, baina Azkoitikoen atezainak bikain erantzun zuen. Atsedenaldia gerturatzen ari zela itzuli ziren gol aukerak, eta Anaitasunaren eskutik etorri ziren horiek. 38. minutuan Anderren burukada zutoinera joan zen. Eta bi minutura, 40. minutuan, iritsi zen gorrixen aurreneko gola: Mikel Aramendik erdiratu, eta Julen Aramendik sareetara bidali zuen baloia.

Etxekoei lehen golaren eragina gainditzeko tarterik ez zien eman Anaitasunak, bigarren zatia hasi eta berehala, 46. minutuan, egin baitzuen Anderrek 0 eta 2koa, Alex Rodriguezen pasea baliatuta. Bigarren zatiaren lehen ordu laurdena bete aurretik etorri zen Anaitasunaren hirugarren gola; Beti Gazteren atzelari baten eta atezainaren arteko gaizkiulertuari etekin ezinhobea atera zion Alexek, 0 eta 3koa egiteko. Nafarrek azkar erantzun zioten kolpe horri, eta bi minutura, 59.ean, sartu zuten beren gol bakarra. Anaitasunak, ordea, ez zuen aparteko arazorik izan abantailari eusteko. Are gehiago, Azkoitiko taldearenak izan ziren partida amaitu bitarteko gol aukera bakarrak, eta horietako bat baliatu zuen Anderrek bere bigarren gola eta taldearen laugarrena sartzeko, 64. minutuan, Axi Ugarterekin harilkatutako jokaldia borobilduz.

Bigarren jardunaldia osatuta, lau taldek besterik ez dute lortu jokatutako bi partidak irabaztea eta Anaitasuna sailkapeneko bigarren postuan da. Txerloira itzuliko da taldea datorren asteazkenean, hirugarren jardunaldian Basconiarekin indarrak neurtzera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide