Tta-kun areto futbol taldeak lagunartekoa jokatuko du bihar, Elkargunean

Andoni Elduaien 2021ko ira. 10a, 11:07

Oñatiko (Gipuzkoa) Aloña Mendi taldearen aurka jokatuko du lagunartekoa, Azkoitiko kiroldegiko kantxan. Urriko lehen asteburuan ekingo diote txapelketari, eta ordurako prestaketa lanetan murgilduta da taldea.

Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldeak bihar, larunbata, ekingo dio denbora tarte luze batean etenda izan duen jardunari. Bihar, zapatua, Oñatiko Aloña Mendi futbol taldearen aurka lagunartekoa jokatuko du, 11:00etan, Elkarguneko kantxan.

Areto futbol taldeak jakinarazi duenez, 10:45ean zabalduko dituzte harmailetara sartzeko ateak, eta 11:15ean itxi. Era berean, azaldu dute maskara une oro jantzita izatea nahitaezkoa izango dela, baita sarreran eskuak garbitzea eta harmailetan pertsonen arteko distantzia zaintzea ere. Baimendutako zale kopurua 207 lagunekoa izango da.

Tta-kun areto futbol taldea 2019. urtean sortu zuten herriko hainbat gaztek. Gipuzkoako Hirugarren Mailan ekin zion ibilbideari, baina igoera tarteko, egun Bigarren Mailan dago. Taldeak urriko lehen asteburuan ekingo dio txapelketari, eta estreinako neurketan etxean arituko dira. Bilkoin Legorreta taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide