Areto futboleko Ttakun talde berria bihar estreinatuko da ligan

Maxixatzen.eus 2019ko urr. 4a, 12:00

Talde sortu berri guztiak bezala, Gipuzkoako areto futboleko maila baxuenean ekingo dio bideari Azkoitiko taldeak, Hirugarren mailan. Helburu nagusia ondo pasatzea badute ere, liga irabazten saiatuko dira. "Lasai hasiko gara, ahalik eta partida gehien irabazteko xedez, baina ea igotzeko aukerak ditugun denboraldi amaieran".

Areto futbol zaleek beren kirolaz gozatzeko aukera izango dute aurten Azkoitian, Ttakun talde berriari esker. Lagun artean kirola egiteko eta ondo pasatzeko helburua duen taldea kuadrillako hizketaldi batetik sortu zen. Anaitasuna utzi behar zuten hainbat jokalari zerbait berria probatzeko gogoz ziren, eta areto futbolaren aldeko apustua egin zuten urte hasieran. «Erdi txantxetan» hasi zen ideia mahai gainean jarri zuten hilabete batzuen buruan, eta denen baiezkoa izanda, aurrera egin zuten.

Benetako pausoa eman behar zen, eta ohikoa izaten den bezala, hainbat baja izan zen, «lana eta bestelako ezintasunak tarteko». Hala ere, taldearekin jarraitzeko gogoz ziren eta kuadrillatik kanpoko jokalari batzuk lortu zituzten. «Ia denak kuadrillakoak gara, ordea, eta egia esan, erraz sortu genuen taldea», dio Urtzi Odriozola taldekideak. Entrenatzailea ere kuadrillakoa dute, Iñigo Soraluze; Odriozolak laguntzen dio hari.

Astean hirutan entrenatzen dute, astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan. Futboletik etorrita, aurrez ezagutzen zituzten entrenamenduak aldatu behar izan dituzte: «Oso modalitate desberdinak dira, eta beraz, jokatzeko modua ere desberdina da. Taktika beste modu batean lantzen dugu orain», agertu du Odriozolak. Kontzeptu berriak ondo barneratzen ari direla dirudi. Irailaren 15ean txapelketa bat jokatu zuten Oñatin, Aloña Mendi eta Tolosala taldeekin, eta irabazi egin zuten.

Estreinakoa, etxean

Hala ere, proba serioa bihar izango dute. Denboraldiko lehen partida jokatuko du Ttakunek 18:00etan, Azkoitiko Zubiaurre kiroldegian, Arantzazuko Ama taldearen aurka.

Talde sortu berri guztiak bezala, Gipuzkoako areto futboleko maila baxuenean ekingo dio bideari Azkoitiko taldeak, Hirugarren mailan. Helburu nagusia ondo pasatzea badute ere, liga irabazten saiatuko dira. «Lasai hasiko gara, ahalik eta partida gehien irabazteko xedez, baina ea igotzeko aukerak ditugun denboraldi amaieran». Aretoko modalitatea futbolaren anaia txikia da, horren jakitun dira Ttakunekoak, baina ikusle faltarik ez dutela izango uste dute: «Lagun asko ditugu, eta ziur ondo pasatuko dutela gu ikustera etorriz gero!».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide