Lau positibo zenbatuta, gora egin du Azkoitiko intzidentzia tasak

Amaia Urbieta 2021ko ira. 7a, 13:09

Gutxi bada ere, igo egin dira eskualdeko hainbat herritako intzidentzia tasak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasak nabarmen egin du behera, eta %4koa da gaur-gaurkoz.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitara eman berri duen txostenaren arabera, Azkoitian lau kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa ere igo egin da atzotik. Hain zuzen ere, 25 puntu egin du gora zenbatekoak; izan ere, 242,01eko tasa zuen atzo Azkoitiak, eta gaur 267,04koa. 

Eskualdeko herrietan hamar koronabirus kasu hauteman zituzten atzo. Azkoitiko lau kasuez gain, Azpeitian bi kasu berri atzeman zituzten, eta herri horretan ere igo egin da tasa, 243,10era zehazki. Orion atzo positibo bakarra atzeman zuten arren, gora egin du adierazleak. Eremu berdetik horira igaro da berriz ere Orio, 65,23ko tasarekin.

Zarautzen eta Zumaian bi eta kasu bat zenbatu zituzten atzo hurrenez hurren, baina herri horietan behera egiten jarraitzen du intzidentzia tasak. 102,8koa da Zarautzen, eta 193,34koa da Zumaian. Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten kasu positibo berririk atzeman.

Zainketa intentsiboek, arintzera

Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian atzo egin ziren 7.475 proben artean 316k eman zuten positibo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nabarmen egin du behera positibotasun tasak: %4koa da gaur eta %5,7koa zen atzo. Nafarroan, berriz, igo egin da: %4,4koa zen atzo eta %5,3koa gaur. Dena den, duela aste batzuetako tasarekin erreparatuta, nabarmen jaitsi da adierazlea Hego Euskal Herri osoan.

Ospitaleetatik ere berri onak datoz. Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan 38 ospitaleratze berri izan ziren atzo, baina COVID-19aren eraginez zainketa bereziak behar dituzten pertsonen kopuruak behera egin du. 62 lagun daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ZIUetan, atzo baino bederatzi gutxiago. Nafarroan, berriz, 22 dira zainketa intentsiboak behar dituzten gaixoak eta, denera, 69 dira COVID-19aren eraginez ospitaleratuta daudenak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak 11 puntu egin du behera, eta 240,21ekoa da egun.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide