Kasu positibo bat, azken orduetan

Andoni Elduaien 2021ko ira. 2a, 12:29

Gora egin du intzidentzia tasak Azkoitian, baina eremu horian jarraitzen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak behera egin du beste behin, eta hiru lurraldeak eremu horian sartu dira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du koronabirusaren bilakaera zehazten duen txostena, eta haren arabera, herrian positibo bakarra baieztatu dute azken orduetan. Hala eta guztiz ere, Azkoitiko azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gora egin du apur bat. Atzo, 191,94koa zen zenbatekoa herrian, eta gaur 200,28koa da; gorakada txiki bat izan den arren, Azkoitiak eremu horian jarraitzen du gaur-gaurkoz.

Eskualdean, berriz, guztira hamar positibo atzeman ditu Osasun Sailak. Azkoitiko kasuaz gain, Azpeitian, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian detektatu dituzte positiboak. Azpeitian zenbatu zituzten atzo kasu gehien; han lau positibo hauteman zituen Osasun Sailak, eta intzidentzia tasak gora egin du berriz ere; 262,81eko zenbatekoa dute egun han. Zarautzen eta Zestoan, berriz, bina positibo atzeman dituzte. Zarautzen behera egin du intzidentzia tasak, 149,91n kokatuz. Zestoan, ordea, gora egin du zenbatekoak, eta 359,53an dago egun. Zumaian, ostera, positibo bakarra atzeman dute; 234,05ekoa da han kasu metatuen tasa, atzo baino baxuagoa.

Gainerako herrietan ez dute positiborik zenbatu. Errezil izan ezik –805,15–, beste herri guztiak eremu horiaren eta laranjaren artean daude, hala nola Aia –100,76–, Aizarnazabal –390,12–, Beizama –hutsean–, Getaria –353,36– eta Orio –65,23–. Azken herri hori, gainera, eremu berdera sartzetik oso gertu dago.

Positibo eta ospitaleratze gutxiago

Hego Euskal Herrian atzo, asteazkena, herenegun baino positibo gutxiago zenbatu zituzten. Osasun Sailak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, atzo 498 positibo atzeman zituzten. 50 kasu zenbatu zituzten Araban, 199 Bizkaian, 136 Gipuzkoan eta 101 Nafarroan; lurralde horietatik kanpo bizi diren herritarren artean, bestalde, hamabi positibo detektatu zituzten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.930 proba egin zituzten guztira, eta positibotasun tasa %6,7an kokatu zen. Nafarroan, ostera, 1.372 proba egin zituzten eta positibotasun tasa %7,2koa izan zen.

Araban, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak behera egin du, eta hiru lurralde horietako batez bestekoa 298,95ekoa da. Eremu laranjatik horira pasatu dira, beraz, hiru lurralde horiek. Bestalde, herenegun baino gaixo gutxiago artatu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Hain zuzen ere, 38 ospitaleratze izan ziren hiru lurralde horietan; guztira, 198 lagun zeuden atzo ospitaleratuta –212 ziren herenegun–. ZIUn, berriz, 73 pertsona zeuden, herenegun baino bi gehiago. Nafarroan, aldiz, bost lagun ospitaleratu zituzten atzo; guztira, 76 pertsona zeuden Nafarroako erietxeetan –herenegun baino lau gutxiago–, eta 25 ZIUn –herenegun bezala–.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide