Lau kasu positibo jakinarazi ditu Osasun Sailak Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko abu. 31a, 12:33

Azken kasuekin intzidentzia tasak puntu batzuk egin du gora herrian, eta egun 191,94an kokatu da. Eskualdean, guztira, zazpi positibo zenbatu dituzte. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, aldiz, behera egiten jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela minutu gutxi kaleratu du koronabirusaren herriz herriko bilakaeraren berri ematen duen txostena, eta dokumentuaren arabera, Azkoitian lau positibo zenbatu dituzte azken orduetan; hemezortzi dira azken zazpi egunetan herrian zenbatutako positiboak. Hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, halere, gora egin du azken orduetan. 175,25ekoa zen atzo, eta egun 191,94koa da. Azkoitiak eremu horian jarraitzen du.

Urola Kosta eskualdeko gainerako herrietan, berriz, beste hiru positibo zenbatu dituzte. Azpeitian eta Zestoan hauteman ditu Osasun Sailak gainerako positiboak. Azpeitian bi positibo detektatu dituzte, eta 236,53ko intzidentzia tasa dute han. Zestoan, aldiz, positibo bat baieztatu du Jaurlaritzak, eta 359,53ko tasa metatua dute. Eskualdeko gainerako herri guztietan ez dute positiborik hauteman azken orduetan. Hori horrela, 5.000 biztanletik gorako herri guztiak daude eremu horian gaur-gaurkoz. Orion 130,46ko intzidentzia tasa dute, 175,61ekoa Zarautzen eta 254,40koa Zumaian.

Intzidentzia tasa, beheraka

Hego Euskal Herriko intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du etenik gabe. Azken orduetan beste hamahiru puntu egin du behera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zenbatekoak, eta 327,18koa da datua egun. Atzo, astelehena, 427 positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian Osasun Sailak eta Osasunbideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.570 proba egin zituzten, eta guztira, 349 positibo hauteman zituzten –35 Araban, 206 Bizkaian eta 105 Gipuzkoan–. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste hiru lagunek ere positibo eman zuten gaixotasuna atzemateko probaren batean. Positibotasun tasa %5,3koa da lurralde horietan. Nafarroan, aldiz, 1.619 proba egin zituzten atzo, eta 78 positibo detektatu; positibotasun tasa %4,8koa da orain han.

Ospitaleen egoeren berri ere eman dute bi osasun sailek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 31 gaixo ospitaleratu zituzten, eta egun 196 pertsona daude ospitaleratuta Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan; ZIUetan, aldiz, 72 lagun daude. Nafarroan, ostera, lagun bat ospitaleratu zuten atzo, eta gaur 80 pertsona daude erietxean. 25 dira zainketa berezien unitatean dauden herritarrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide