Udal Gobernuari "gardentasunez eta zintzotasunez" jokatzeko eskatu dio Azkoitiko EH Bilduk

Anartz Izagirre 2021ko abu. 25a, 11:55

Javier Zubizarreta alkateak EH Bilduk Floreagako lanen inguruan egindako adierazpenei erantzun zien atzo, eta gaur, berriro erantzun dio koalizio abertzaleak alkateari. EH Bilduk adierazi du lan horietan ez dela baldintza berezirik jarri emakume eta gizonen arteko berdintasunerako.

Herenegun Floreagako lehen faseko lanen "gainkostua" salatu zuen Azkoitiko EH Bilduk, eta Javier Zubizarreta alkateak koalizio abertzalearen adierazpenei erantzun zien atzo, lan horietan gainkosturik ez zela egon esanez. Gaur, asteazkena, berriro erantzun dio EH Bilduk alkateak atzo esandakoei, eta bertan, Udal Gobernuari "gardentasunez eta zintzotasunez" jokatzeko eskatu dio, "herritarrekiko errespetuagatik". "Gaur irakurri ditugu Javier Zubizarreta alkatearen adierazpenak, eta herritarrei horien gaineko xehetasunak eman beharrean gaudela uste dugu", azpimarratu dute.

EH Bilduren arabera, "kontratazio dokumentuan irakur daitekeen bezala", lan horietan ez da baldintza berriririk ezarri emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako: "Aipatu baldintzetan ingurumen eta gizarte arloko baldintza bereziak ezarri dira, baina ez berdintasunezkoak. Beraz, ez dago genero ikuspegia txertatuta proiektuan; hala egongo balitz, hasieratik egongo litzateke. Genero ikuspegia lan batean txertatzeko borondatea hasieran agertzen da, ez lanak amaitzear daudenean. Herritarrekiko eta, batik bat, emakumeekiko errespetu falta iruditzen zaigu genero ikuspegiaren pin morearekin ezkutatu nahi izatea lanen gainkostua".

Zaborrontzien arazoaz ere mintzatu da koalizio abertzalea: "Gainkostuen zati handiena arazo horretatik eratortzen dela azaltzen da udal teknikarien txostenean. Lekuz aldatu beharrak sortzen du gainkostuaren zati handiena, eta aldaketa horretatik eratortzen diren moldaketek. Arazo hori hasieran aurreikusi behar zen esleipen ahalik eta zuzenena aurrera eraman ahal izateko. Aurreikusi beharreko zerbait zen lanen exekuzioa kontratazioara atera aurretik".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide