Floreagako lehen faseko lanetan ez dela gainkosturik egon erantzun dio Javier Zubizarretak EH Bilduri

Anartz Izagirre 2021ko abu. 24a, 12:13
Floreagako lehen faseko lanen irudi bat.

"Segurtasunaren eta genero ikuspegiaren gaineko parametroak" bultzatu dituztela azaldu du alkateak, eta horrek, "jarduketaren aurrekontua igo" egin duela. Era berean, lan horietara udalak bideratutako aurrekontua ez dela "inolaz ere gainditu" nabarmendu du Zubizarretak.

Floreagako igogailuaren lehen faseko lanen inguruan ohar bat helarazi zuen atzo, astelehena, Azkoitiko EH Bilduk, eta bertan, obren "gainkostua" salatu zuen koalizio abertzaleak. Gaur, asteartea, EH Bilduri erantzun dio Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak, eta lan horietan ez dela gainkosturik egon jakinarazi du. "Soilik hainbat hobekuntza txertatu dira segurtasunaren eta genero ikuspegiaren gaineko parametroak bultzatuta. Ez da aurreikuspen, kalkulu edo azterketa ezagatik izan. Hasieran planteatutako esku-hartzeari hainbat hobekuntza gehitzea erabaki zen, eta horrek, jarduketaren aurrekontua igo egin du, noski, esku-hartzearen eremua ere zabaldu egin delako", azaldu du Zubizarretak. Era berean, Azkoitiko Udalak jarduera horretara bideratutako aurrekontua ez dela "inolaz ere gainditu" azpimarratu du alkateak: "Gauzak egitea ondo dago, baina are eta hobeto dago ahalik eta ondoen egitea, eta hori da egin duguna".

Zubizarretak azaldu du Floreagako lehenengo fasearen proiektuaren aurrekontua 750.000 eurokoa zela, eta udalak "diru partida horixe" zuela lanak gauzatzeko. Ildo horretatik, jakinarazi du azkenean 584.554,63 (BEZ barne) eurogatik esleitu zirela obrak, eta hobekuntzak txertatu ostean aurrekontua 695.109,46 (BEZ barne) eurotan gelditu dela. "Hobekuntzak egin dira, jarduketa eremua handitu da, eta hala ere, aurreikusitakoa baino 54.890,54 euro gutxiago gastatu dira. Nik ez nuke kudeaketa txarra dela esango, EH Bilduk zabaldu nahi duen moduan", nabarmendu du alkateak. Era berean, Zubizarretak jakinarazi du Azkoitiko Udalak 271.050 euroko dirulaguntza eskuratu duela Eusko Jaurlaritzarengandik lehen faseko lanak gauzatzeko, eta horrek "udalaren zama ekonomikoa" arintzen lagunduko duela.

Lanetan, hobekuntzak

Floreagako lanetan izango diren hobekuntzen berri ere eman du Zubizarretak. Besteak beste, igogailuaren pasabide nagusiaren azpian gelditzen den espaloia berritu eta zabalduko dute, eta bertan kokatu ahal izango da zabor edukiontzien eremua; beraz, orain arte zegoen lekutik tokialdatuko dute eremu hori. "Lehen Floreaga jauregiko aparkaleku sarreran zeuden edukiontziak, baina han bilketako ibilgailuek maniobretarako dituzten aukerak oso mugatuak dira. Kokaleku ezberdinak aztertu ostean, erabaki zen edukiontzientzat tokirik egokiena igogailuaren beso nagusiaren azpialdean geratzen den espaloiaren tarte bat zela. Horrek, ordea, espaloian esku-hartzea eskatzen du, eta berritu eta zabaldu egingo da aipatu eremua", jakinarazi du alkateak. Era berean, nabarmendu du aldaketa horrek eragina izango dutela urak jasotzeko sisteman zein argiterian. Bestalde, Aizkibel kalean zorua berdintzeko granitoa ere botako dute.

Aurrekontuan eragina izan duen beste aldaketa, berriz, "jarduketan genero ikuspegia txertatzeko borondateak" eragin duela jakinarazi du Zubizarretak: "Arrazoi horrengatik material jakin batzuen aldeko aukera egin da, igogailua eta bere ingurua ez daitezen puntu beltz bihurtu eta espazioa seguruagoa izan dadin emakumeentzat. Helburu hori tarteko, hain justu, udalak herriko Mapa Morea egin zuen, hirigintza alorrean ere genero ikuspegia txertatzeko kontzientzia egon zedin etorkizuneko jarduketetan. Horren adibide da, esaterako, pasabidean jarriko den beira zeharrargia".

Bestalde, Floreagako lanen lehean fasea "amaitzear" dagoela jakinarazi du udalak, eta bigarren fasearekin aurrera jarraitzen duela. Ekaineko osoko bilkuran onartu zuten Floreagako bigarren fasea exekutatzeko kreditu aldaketa, eta 810.000 euro bideratuko dituzte lan horietara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide