Azken zazpi egunetan bederatzi positibo atzeman dituzte herrian

Aritz Mutiozabal 2021ko abu. 20a, 14:25

Atzo positibo bakarra zenbatu zuen Osasun Sailak Azkoitian. Intzidentzia tasa behera egiten ari da egunez egun, eta eremu horian da herria. Positibotasun tasa %11,2koa da gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %9,4koa Nafarroan. Erietxeetako egoera, motel, baina hobera egiten ari da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu dituen datuen arabera, atzo positibo bakarra zenbatu zuten Azkoitian. Azken zazpi egunetan bederatzi lagunek eman dute positibo herrian, eta datu horiek tarteko, eremu horira jaistea lortu du Azkoitiak. Intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du, horrenbestez: 200,28 zen atzo, eta 216,97 herenegun.

Urola Kostan, berriz, hemezortzi kasu atzeman ditu Osakidetzak. Herenegun zenbatutako kasuekin alderatuta ia bikoiztu egin da kopurua, hamar positibo izan baitziren asteazkenean, eta horrek, nolabait esateko, azkenaldian zeraman beheranzko joera eten du. Batez ere, bi herri handitan zenbatu dituzte kasu gehien: Azpeitian zazpi kutsatze detektatu dituzte, eta Zumaian, berriz, bost. Edonola ere, Azpeitiko tasak behera egin du: 643,89 da egun. Zumaiakoak ere behera egin du: 529,15 da hango intzidentzia tasa. Bi herri horiek dira gaur-gaurkoz eremu gorrian dauden Urola Kostako bakarrak. 

Gainerakoan, bina kasu positibo baieztatu dituzte Getarian eta Zarautzen, eta Azkoitian bezalaxe, bakarra Orion. Eremu gorritik laranjara igaro da berriki Zarautz, eta 351,22ra jaitsi da hango tasa. Azkotiiak bezalaxe, Oriok –244,62 puntu– ere eremu horian jarraitzen du. Herri txikietan, berriz, ez da gorabeherik izan: Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez da kasurik egon azken orduetan.

Positiboak behera

Hego Euskal Herrian, guztira, 7.008 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan, eta horietan 746k eman zuten positibo. Lurraldekako datuei erreparatuta, Bizkaian zenbatu zuten kasurik gehien (325), eta gero, Gipuzkoan (171), Nafarroan (137) eta Araban (110). Osasun Sailak emandako datuen arabera, beste hamahiru kasu hauteman zituzten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren herritarren artean. Positibotasun tasa %11,2koa da gaur-gaurkoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %9,4koa Nafarroan. 

Une honetan, 237 lagun daude gaitzak jota Osakidetzaren mendeko erietxeetan, atzo baino lau gutxiago. Zaintza Intentsiboen Unitateetan, berriz, 77 lagun daude, atzo baino bat gutxiago. Nafarroan, berriz, 97 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUn.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide