Azken astebetean eremu berdetik horira igaro da Azkoitia

Nerea Uranga 2021ko uzt. 9a, 12:56

Astebetean Azkoitian atzemandako kasu positiboen kopuruak nabarmen egin du gora, eta intzidentzia tasa 208,62koa da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur kaleratutako koronabirusaren inguruko datuen txostenaren arabera. Joan den ostiraletik, 24 kasu positibo zenbatu dituzte Azkoitian. Hego Euskal Herrian, guztira, 978 positibo atzeman zituzten atzo.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu du aste honetako koronabirusaren datuen inguruko herriz herrikako azken txostena, eta haren arabera, Azkoitian lau positibo atzeman dituzte atzo egindako probetan. Azken astebetean positibo kopuruak nabarmen egin du gora Azkoitian, eta ondorioz, baita intzidentzia tasak ere; joan den ostiraletik atzo arte 24 kasu positibo hauteman dituzte Azkoitian. Horrenbestez, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasan edo intzidentzia tasa 41,73koa izatetik 208,62koa izatera igaro da; eremu berdetik horira pasatu da. Aurreko azken bi ostiraletan nabarmen egin zuen behera Azkoitiko intzidentzia tasak, baina azkenengo astebetean goranzko joera hartu du berriro: ekainaren 18an, 250,35ekoa zen tasa; ekainaren 25ean, 91,80koa; eta uztailaren 2an, 41,73koa.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, hamabost kasu positibo berri zenbatu zituzten atzo; herenegun atzemandakoak ia bikoitza izan ziren. Azkoitiko lau kasu positiboez gainera, Zumaian bost, Zarautzen lau eta Orion bi hauteman zituzten atzo. Datu horien ondorioz, igo egin da intzidentzia tasa udalerri horietan: 175,25etik 208,68ra Azkoitian; 130,46tik 146,77ra Orion; 248,43tik 265,56ra Zarautzen; eta 732,68tik 783,56ra Zumaian. 

Urola Kostako gainontzeko herrietan ez zuten positibo bakar bat ere atzeman atzokoan eta, ondorioz, herri horietako intzidentzia tasek mantentzera edota behera egin dute. Atzoko kopuru berari eutsi diote Aiak (50,38), Aizarnazabalek (260,08) eta Zestoak (154,08), eta adierazleak behera egin du Azpeitian (223,39tik 210,25era). Beizaman, Errezilen eta Getarian, berriz, hutsean dago intzidentzia tasa.

Positiboak berriro gora

Herenegungo moduan, eguneko 900 positibo berriren langa igaro zen atzokoan, eta milara hurbildu da zifra: 978 positibo atzeman zituzten atzo Hego Euskal Herrian, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera. Lurraldeka, 92 zenbatu zituzten Araban, 314 Bizkaian, 265 Gipuzkoan eta 275 Nafarroan. Horiez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren 32 lagunek ere eman zuten positibo. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa 7,6%koa izan zen atzo, herenegungoa baino puntu erdi altuagoa; Nafarroakoa, berriz, jaitsi egin da: %14,1 izan zen herenegun eta %13,3 da atzoko datuetan.

Okerrera egin duen beste adierazle bat da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako intzidentzia tasa: 246,81ean dago gaur-gaurkoz, eta 22 puntu igo da atzotik. Gainera, gutxi bada ere, gora egin du herenegundik COVID-19agatik ZIUetan dagoen jende kopuruak: 25etik 28ra igo da zifra. Herenegun baino hamabost lagun gehiago daude COVID-19a dela-eta ospitaleratuta Osakidetzaren mendeko ospitaleetan (65, denera), eta 27 ospitaleratze izan ziren atzo.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide