CSGO jokoan adituak diren Europako zortzi talde elkartu ditu Gamegune 23 txapelketak Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 4a, 11:39

Ugarte industrialdean atzo jokatutako partida bateko irudia. (Argazkia: ALXshow)

Ekainaren 28an hasi zen CSGO lehiaketaren azken fasea Euskaltel Fundazioak Azkoitiko Ugarte industrialdean duen pabilioian. Guztira Europako zortzi taldek parte hartu dute txapelketan. 10.000 euro banatu dituzte saritan. 

Atzo, larunbata, Euskaltel Fundazioak antolatutako Gamegune 23 txapelketako azken fasea jokatu zen Azkoitian. Counter-Strike: Global Offensive (CSGO) jokoan onenak diren Europako zortzi talde garrantzitsuk parte hartu zuten Azkoitiko Ugarte industrialdean erakundeak duen pabilioian.

Espainiako bost talde –X6tence, Madlions, Ravens Esports, Case Esports eta Souldazz–, Portugalgo bi –Exploit Esports eta Offset Esports– eta Suediako beste bat –Young Ninjas NIP– lehiatu ziren Azkoitian. 5.000 euroko sari nagusia Espainiako Madlions taldeak eskuratu zuen, Portugalgo Offset Esports taldeari finala irabazi ondoren; 2.500 euro jaso zituen talde txapeldunordeak. Hirugarren eta laugarren taldeek, berriz, 1.250 euroko saria lortu zuten.

Finalaren emankizuna Twitch aplikazioko kanalaren bidez jarraitu ahal izan zen. GameguneTV saioaren edizio berri honetan, partidak komentatu zituzten, baita kirol elektronikoen gaurkotasunari errepasoa egin ere.

Alex Robleño Alxshow jokalari eta kirol elektronikoen alorrean adituak aurkeztu zuen saioa, eta ibilbide luzeko bi profesional izan zituen esatari lanetan: Pitu Herranz Pitu eta Sergio García Moreno Sergiog0tt, CSGO jokoan adituak biak ala biak.

Azkoitian jokatu dute txapelketa; izan ere, Euskaltel Fundazioak Azkoitiko Ugarte industrialdea hautatu zuen atzo egin zuten moduko txapelketak egin ahal izateko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide