Euskaltel Fundazioak Ugarte industrialdea hautatu du etorkizuneko proiektuetarako "kokaleku estrategiko" gisa

Andoni Elduaien 2021ko ots. 19a, 08:30
Ugarte industrialdea. (Argazkia: Spri)

Iazko urtearen amaiera aldera kokatu zuen fundazioak Gamegunea Ugarte industrialdean. Streaming bidez emititzen diren programak nahiz online txapelketak antolatu nahi dituzte beren egoitza berrian.

Euskaltel Fundazioak Azkoitiko Ugarte Industrialdean jarri du bere Gamegunea; eSport-en Europa mailako lehiaketa da Gamegunea. Iazko urtearen amaiera aldera, Euskaltel Fundazioak Azkoitiko Ugarte Industrialdean kokatu zuen Gamegune topaketaren operazio-base nagusia. Sabino Vicente Euskaltel Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, Ugarte Industrialdeko instalazioak "apustu estrategiko" bilakatu dira Euskaltel Fundazioarentzat. "Lehen aldiz, primeran hornitutako espazio propio bat izango dugu streaming bidez emititzen diren programak egiteko eta online txapelketak antolatzeko. Lekua aukeratzeko orduan, garrantzia handia eman diogu kokapenari eta instalazio modernoei", azaldu du.

400 metro koadroko pabilioi bat eta 65 metro koadroko bulego bat ditu Euskaltel Fundazioak Ugarten, eta epe ertainera duten helburua da Azkoitiko pabilioia Gamegune txapelketen egoitza izatea, eta beste toki batzuetan antolatutako Encounter ekitaldiei laguntzea. Vicente zuzendariak adierazi du, gune bat behar zutela online formatuan egiten ari diren ekitaldietan antolatzaile batzuk elkartzeko eta COVID-19aren aurkako araudia ezarriz "konektagarritasun bermeak" eta "segurtasuna" eskaintzeko. Streaming bidez teknologia berriei buruzko prestakuntza eskaini nahi dute bertan. "Guneari esker ekipamendua eskaini ahal izango diegu gure teknologia eta laguntza behar duten hirugarrenen proiektuei", nabarmendu du zuzendariak.

Gaur-gaurkoz 336 langile dituzten hemezortzi enpresa daude kokatuta Ugarte industrialdean. Sprilur-ek –SPRI Taldea eta Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila–, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urola Erdia eskualdeko udalek partaidetutako Urolako Industrialdeak S.A. da Ugarte industrialdeko kudeatzailea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide