Jon Custodiok irabazi du hitanoa berreskuratzeko egitasmoaren logo lehiaketa

Julene Frantzesena 2021ko eka. 30a, 13:18
Jon Custodioren logoa izango da hika sustatzeko egitasmoaren irudia.

Udalak azaldu duenez, 11 lan jaso dituzte guztira, eta epaimahaiak puntuazio altuena Custodioren lanari eman dio. Hike eizan! lelopean, pertsona desberdinen irudiek osatzen dute logoa. Azkoitian hitanoa, eta bereziki noka, berreskuratzeko egitasmo bat jarri du martxan udalak, eta horren irudia izango da Custodiok ondu duena. Uztailaren 7an bertso saioa eta mahai-ingurua izango dira.

Azkoitian hitanoa, eta bereziki noka, berreskuratzeko egitasmo bat jarri du martxan udalak, eta egitasmo horren logoaren nahiz leloaren lehiaketa Jon Custodiok irabazi du. Udalak azaldu duenez, 11 lan jaso dituzte guztira, eta epaimahaiak puntuazio altuena Custodioren lanari eman dio. Hike eizan! lelopean, pertsona desberdinen irudiek osatzen dute logoa.

Epaimahaiak lanen kalitatea azpimarratu du: "Ez da lan erraza izan logotipoak baloratzea; izan ere, oso lan politak jaso ditugu, baina zuzentasunari begira, batzuek besteek baino hobeto lortu dute eskakizunei erantzutea", azaldu du Marijose Arregi Euskara zinegotziak. Irabazleak uztailaren 7an jasoko du saria, gaiaren bueltan antolatu dituzten bi hitzorduak bukatzean.

Zehazki, uztailaren 7an, Hika bertso saioa izango da Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. 19:00etan hasita kantuan ariko dira Eli Pagola eta Andoni Egaña, eta Imanol Artola ariko da gai-jartzaile lanetan. Saioa bukatzean, hitanoari buruzko mahai-ingurua izango da, eta bertso saioko protagonistek ez ezik, Xabier Eizagirrek ere parte hartuko du bertan. Moderatzaile lanak, berriz, Eneritz Artetxek egingo ditu. Ekitaldi horiek bukatzean jasoko du saria Custodiok.

Hitanoa indartzeko antolatutako egitasmoetan aurrena izango da bertso saio komentatua, baina udalak azaldu duenez, aurrerago beste hainbat egitasmo prestatzeko asmoa du. Uztailaren 7ko ekitaldietako plazak mugatuak izango dira, eta beraz, herritarrek aretoa bete arte sartu ahal izango dute. Sarrera doakoa izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide