Herrian hitanoaren erabilera sustatzeko egitasmoa aurkeztu du udalak

Mailo Oiarzabal eta Urtzi Oteiza 2021ko mai. 28a, 17:32

Nokaren galerari egin nahi diote aurre bereziki, baina erabilera okerrak zuzentzen ere jarriko dute indarra. Egitasmoarentzat irudia aukeratzeko logo lehiaketa jarri dute martxan, hasteko. Herriko hainbat gaztek, Ahotsak egitasmoak eta Xabier Eizagirre euskara irakasleak, besteak beste, bat egin dute proiektuarekin.

Azkoitian, euskararen arnasguneetako batean, "arnasestuka" dabil hika, hitanoa. Horrela laburtu du egoera Xabier Eizagirrek; euskara irakaslea da Donostian bizi den azkoitiarra, eta hitano eskolak ematen dizkie irakasleei Iralen. Eizagirre da, hain zuzen, Azkoitiko Udalak gaur aurkeztu duen egitasmoan parte hartuko dutenetako bat. Herriko hainbat gaztek eta Ahotsak proiektuan ari den Aintzane Agirrebeñak ere bat egin dute Azkoitian hitanoaren erabilera sustatzeko, eta, bereziki, nokaren –emakumeei zuzentzeko erabiltzen den hitanoa– galerari aurre egiteko sortu den egitasmoarekin.

Bizi-bizi mantentzetik, gero eta gutxiago eta baldarrago erabiltzera igaro da hika Azkoitian. Gazteen artean indar asko galdu du azken urteetan; mutilen artean oraindik nahiko ohikoa da, baina nesken artean handia izan da hitanoaren galera. Bilakaera horretaz jabetuta, "aspalditik datorren kezka" izan da gaur aurkeztu duten egitasmoaren abiapuntua, Mari Jose Arregi Euskara zinegotziak azaldu duenez: "Iazko ikasturtean Euskara Mahaian aurkeztu zen proiektua martxan jartzeko asmoa, eta bertan parte hartzen duten ikastetxeetako ordezkariak tarteko, gazte talde batek proiektua sustatzeko konpromisoa hartu du, bereziki, sare sozialetan".

Transmisioak huts

Arregik gogora ekarri ditu 2018ko kale neurketaren emaitzak: gazteen %84,7k erabiltzen du euskara eta %85,7k ezagutzen du hizkuntza Azkoitian. Hitanoaren erabilera daturik ez dago jasota, baina gaur aurkeztu duten egitasmoaren sustatzaileei entzunda, ez da zaila ondorioztatzea euskararen erabileraren datu orokorra baino dezentez txikiagoa dela, gazteen artean eta, bereziki, nesken artean.

Hitanoaren kasuan, eta nokarenean batik bat, "transmisioak huts egin" duela dio Eizagirrek, etxeko transmisioak batik bat, eta hori "belaunaldi eta erdian gertatu da", bere esanetan. Neska gazteenek ia ez dute erabiltzen hika, eta dezentez gehiago erabiltzen duten mutil gazteek, berriz, sakotan "oso zabar" erabiltzen dutela azpimarratu du Eizagirrek, "neskei mutilei bezala" hitz eginez eta hiperhitanoa deritzona erabiliz, esaterako, hikaren marka ez dagokionean erabilita; "natxoala" edo "diken" aditz forma okerrak jarri ditu adibide gisara irakasleak, aspaldian asko zabaldu eta normaldu direnak.

"Larri" eta "bultzada beharrean" antzematen du hitanoa Eizagirrek bere jaioterrian, baina "pozgarria" iruditzen zaio egoera hori aldatu nahian sortu den egitasmoan jende gaztea batzea. Neska gazteak dira, hain justu, hitanoaren erabilera sustatzeko konpromisoari atxiki zaizkion aurrenak; "mutilik ez azaltzea sintomatzat" har daitekeela deritzo Iraleko irakasleak. Nahia Arrizabalaga da gaurko aurkezpenean parte hartu duen gazteetako bat, eta Arregik eta Eizagirrek aipatutakoen ildotik hitz egin du berak ere: "17 urtera ailegatu eta inork ez egitea guri hika... Garai batean hori pentsaezina zen".

Logoa aukeratzea, lehen pausoa

Azkoitiko hitanoa bultatzeko egitasmoaren lehen pausoa egitasmo beraren irudia aukeratzea izango da, eta logo lehiaketa antolatu dute horretarako. Horren berri eman du Irati Lizarralde gazteak.

Azkoittixen hike izena eman diote lehiaketari. Azkoitian erroldatutako 16 urtetik gorako edonorkk har dezakete parte lehiaketan eta irabazleak 600 euroko diru-saria eskuratuko du. Ekainaren 1etik 22ra aurkeztu ahalko dira lanak, eta irabazlea ekainaren 30ean jakinaraziko dute. Besteak beste, logoak noka jasotzea, originaltasuna, sormena eta formatu ezberdinetan erabiltzeko egokitasuna baloratuko ditu epaimahaiak. Lehiaketaren oinarri osoak udalaren azkoitia.eus atarian kontsulta daitezke, eta informazio gehiago nahi izanez gero, euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi edo 943-85 71 75 telefonora deitu daiteke.

Aurrera begira, epe motzean, hika erabiliz egingo den bertso saioa prestatzen ari direla aurreratu du Arregik uztailerako. Hitanoaren inguruko ikastaroak eta mahainguruak antolatzea eta gida bat osatzea ere badaude asmoen artean. Eta urte honen amaiera aldera aurkeztu nahi duten bideo bat osatzea ere bai. Ahotsak proiektuaren barruan egingo dute bideo hori. Adinekoen lekukotzak eta hizkera jaso izan dituzte orain arte Ahotsaken, baina gazteagoengana ere joko dute oraingoan. Agirrebeñak azaldu duenez, hainbat herritar elkarrizketatuko dituzte hitanoaren inguruan hitz egiteko. "Hitanoaren egoeraren argazkia egiten saiatuko gara", adierazi du Ahotsak proiektuko kideak

Jakitun da Arregi zinegotzia hitanoaren berrindartzea ez dela goizetik gauera lor daitekeen zerbait, baina ahalegina egiteko prest daudela esan du: "Ez da hasi eta bukatuko den kanpaina bat. Gure nahia da jarduera ezberdinen bidez egitasmoari jarraipena ematea, egonkortzea, eta bizirik eustea, poliki-poliki hitanoaren erabilera indartzen joateko".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide