Udalak harrera egin die Gipuzkoako Herriartekoaren txapeldunei

Mailo Oiarzabal 2021ko eka. 29a, 12:13
Palistak txapelekin eta alkatea koparekin, udaletxean egindako harreran. (Azkoitiko Udala)

Herenegun irabazitako gomazko paletako txapela "herritarrekin partekatu" nahi izan dute Azkoitiko palistek. Iker Epeldek eta Igor Juaristik eraman dituzte garaikurrak udaletxera, talde osoaren izenean. Jesus Andueza zena gogoan izan dute palistek, eta taldera batzeko deia egin diete herrian palan jokatzen dutenei, bereziki emakumeei.

COVID-19aren pandemia dela-eta ospakizun jendetsuetarako tarterik izan ez duten arren, herenegun Villabonan lortutako garaipena Azkoitiko herriari eskaini gabe ez dira gelditu Azkoitiko palistak. Herenegun, gomazko paletako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa irabazi zuten, 2019an lortutako garaipena berrituz, eta udaletxean harrera egin diete Javier Zubizarreta alkateak eta Angel Martin Kirol zinegotziak.

Iker Epeldek eta Igor Juaristik eraman dituzte udaletxera igandean eskuratutako garaikurrak, taldearen izenean; Aratz Zabaleta eta Jokin Aizpuru dira finalean aritu ziren beste bi kideak, eta Amaia Aizpuruk, Igor Larrañagak eta Markos Azpirozek osatzen dute taldea.

Zubizarretak "harro" hartu ditu txapeldunen ordezkariak, "horrelako pozak hartzeko beti dugulako tokia, denbora eta gogoa". Juaristik eta Epeldek, berriz, "txapela denona" dela azpimarratu nahi izan dute, garaipena herritarrei eskaintzerakoan. "Nahikoa kirol indibiduala da gurea, baina txapelketetara ez gara Igor edo Iker bezala joaten, Azkoitia bezala baizik, herri bezala, eta hori polita da oso", adierazi dute.

Bigarren Herriartekoa irabaztearen pozaren erdian, Azkoitian pilotaren munduan lan egindakoak gogoratzeko eta goraipatzeko tartea ere hartu dute palistek. Horrela, hitz gozoak izan dituzte duela gutxi hil zen Jesus Andueza Andueza VI.arentzat.

Palisten deia

Aurrera begira jarrita, "taldea handitzeko gogoa" adierazi dute udaletxean izan diren palistek, eta taldera batzeko deia egin diete herrian palan jokatzen dutenei, bereziki emakumeei.

"Azkoitian izugarri jokatzen da palan, baina gero, ez dakigu zergatik, jendea ez da hurbiltzen edo ez da animatzen txapelketetara", azaldu dute Herriartekoaren txapeldunek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide